Paco Calonge (Argazkia: Mikel Goñi)
Kalitatearen aldeko apustua eta bertako sagarra bultzatzeko gogoa aipatu dituzte hiriko bi sagardogilek beraien botilei Eusko Label ikurra jartzeko arrazoia azaltzean. Igeldoko Calonge eta Igarako Urkiola sagardo etxeetan dena prest daukate datorren urteko produktuari kalitatearen marka jarri ahal izateko.
Pako Calongeren aitonak ireki zuen sagardotegia duela «60 edo 70 urte» Igeldoko Guruzeta etxean. Hamarkadak eman dituzte inguruetako baserritarren zein kanpotik ekarritako sagarraz edaria egiten. «Guk geuk sagarrondorik ez daukagu-eta», azaldu du sagardogile gazteak. Duela zazpi urte sagardotegia berritu eta itxuraldatu zuten.
Orain, berriz, berak egin eta botilaratutako sagardoari Eusko Labela jartzeko ahaleginari ekin dio. Dabilen harrian, goroldiorik ez, atsotitza jarraiki, aurrera begira mugitu behar dela azaldu du Calongek. «Zer edo zer egin behar da sagardoa mugitu eta bere irudia hobetzeko. Gainera, hemengo sagarraren erabiltzea bultzatu behar dugu».
Calongeren zer edo zer hori lan handia da. Orain arteko kalitateari eusteaz gain, dolarean sartzeko frutaren jatorria asko kontrolatu beharko baitu. «Labelarekin salduko dugun sagardoa hemengo sagarrarekin egin behar dugu ehuneko ehunean». Hori bermatzeko Kalitatea Fundazioaren teknikarien bisitak izango dituzte.
Bestalde, labela eskuratzeko gogoak ez ditu sagardogileak produkzio osoa horretara bideratzea behartzen. Honenbestez, Calongeren hitzetan, «ez dugu gure sagardo guztia labelarekin egingo. Parte bat bakarrik». Izan ere, produkzioaren parte bat hemengoa izanik ere, labelerako baldintza administratiboak betetzen ez duen bertako eta kalitate handiko frutarekin egiten jarraituko baitute eta bat egingo dute fundazioak sagardoari labela jartzeko aurten ireki duen egitasmoarekin.
Bestalde, botilako sagardoari bakarrik jarriko diote labela. Calongek azaldu du zergatietako bat. «Egiten bukatzen denean sartzen dugu botiletan, orduan egoten baita erabat egina. Niri gehien gustatzen zaidana botilakoa da».
Bide berean jarraitzea
Izaskun Urkiolak, ordea, txotxeko sagardoa nahiago du. «Agian egiten bukatu gabea dagoenez fruta zapore gehiago dauka eta niri hori gustatzen zait». Urkiola da Eusko Label ikurra bere botilei jarriko dien Donostiako beste sagardogilea.
Urkiola sagardotegian ere 2011eko sagar uztarekin egingo dute labeldun lehenengo sagardoa. «Aurten egiteko asmoa genuen; baina, hainbat arazo direla medio, tramiteak ez ditugu egin. Hala ere, kalitate bereko sagardoa izango dugu botiletan».
Igarako urkiolatarrek 100 bat urte daramatzate sagardoa egiten, baina hauek ere aldaketak egin behar direla uste dute. Sagardoari bultzada eman eta «merezi duen tokian» jarri nahi dute. Bestalde, Urkiolak azaldu duenez, «horrelako proiektuan sartu gara, ez digulako bodega mugatzen. Produkzioaren parte bat labelduna eta bestea gabekoa izan daitekeelako».
Labelak prezioaren igoera ekar dezakeela onartzen duen arren, onurak ere izango direla uste du Igarako sagardogileak. «Bezeroa bazara, bada, labelak ematen dizun bermea izango duzu. Era berean, Kalitate Fundazioaren laborategiek ematen duten ziurtasuna. Dena den, orain arte ere gauzak ondo egin ditugu. Beraz, bide berean jarraitzea da».
Izaskun Urkiola (Argazkia: Mikel Goñi)