Emausena bezaako dendetan bigarren eskuko arropa on asko aurki daiteke. (Argazkia: Mikel Goñi).
Arropa bila dabilenak ez du diru asko gastatu beharrik. 35 euroren bueltan, goitik behera jantzirik ateratzeko aukera ematen dutelako hainbat dendek. Bigarren eskuko jantziak saldu eta gizarte proiektuak babesten dituzte, besteak beste, Emaus, Aukeran eta Oldberri dendek.
Kazetari honek, arropa faltan zegoela, zapatak, prakak, alkandora eta jaka bat eskuratzeko saiakera egin du hiruretan, eta guztietan lortu du gustuko jantziak aukeratzea, 40 euro baino gutxiago gastatuta.
Mendeurrenaren plazan egin du lehen geldialdia. Urte asko ditu Emaus fundazioak bertan duen dendak. Erakundeak aurrera daraman gizarteratze arloko adarra da saltegia.
Estefania Ralucak egin dio harrera erosleari, eta aukera egokia egiten lagundu dio. Saltzaileak azaldu duenez, «egoera eta markaren araberako prezioak jartzen dizkiogu arropari». Hala ere, marka ezaguneko galtza bakeroak 10,5 eurotan hautatu ditu kazetariak. Guztira, 37 euroko multzoa aukeratu du, estreinatu gabeko sandalia parea barne.
Ralucak dioenez, mota askotako jendea sartzen da dendara eta ez du uste krisiak bezeroen kopuruan aldaketa ekarri duenik, «agian, gauza gutxiago erosten dituzte, baina lehen bezainbeste datoz».
Barrukoak, berriak bakarrik
Motibazio bertsua dauka Sarean fundazioak, Moraza kalean duen saltegian; gizarte alorrean jardutea, alegia. Rosa Gerreroren ardurapean aritzen dira Mikel Ruiz eta Maite Piñaira. Gerreroren laguntzaz, 31,95 euroko sorta osatu du kazetariak. 6 euro gehiago ordainduta, bina galtzontzilo eta galtzerdi pare gehi daitezkeela.
Gerrerok azaltzen duenez, «barruko arropa berria besterik ez dugu saltzen, ixten duten dendek-eta ematen dizkigute hauek». Saltzaileak azaltzen duenez, batzuetan gauza gutxiago dituzte, baina «maiz etorrita gustuko zerbait aurkitzea erraza da; kontua ez da erostea, beharrezkoa erostea baizik».
Garbia, konpondua eta lisatua
Mandasko dukearen kalean dago hirugarren erosketa geltokia, Oldberri izenekoa. Bertan ere gizarteratze programa ari dira gauzatzen. Zapatek, prakek, alkandorak eta jaka bakeroak osatutako sorta 34,85 euroko preziora besterik ez da iritsi. «Oso marka oneko alkandora da hori», azaldu du Cristinak, dendako arduradunak. Cristina berak azaldu duenez, pertsona batzuek ez dute ulertzen jendeak kaleko arropa-edukiontzietara botatzen duena dendan salgai egotea. Gaineratu duenez, ez da dena saltzen, zati bat besterik ez. «Horrekin ordaintzen da guztien garbitze konpontze eta lisatze lana». Bestalde, krisi hitza entzuten hasi zenean jendeak arropa gutxiago ematen zuela adierazi du dendariak, baina «berriro igotzen ari da emateen kopurua».
Hiru dendetan mota desberdineko arropa aurki daiteke, baita hainbat prezioetakoa ere. Baina, hirurek komunean dute, gizarte proiektuei babesa emateaz gain, kontsumo eredu bidezkoago baten bidean jartzea. Nahiz eta hiru dendetako saltzaileek diotenez, «agian, Donostian oraindik asko kostatzen zaio jendeari bigarren eskuko arropak erostea».