EHU-Donostiarrak Udaberriko IX. Lasterketaren aurkezpena (Argazkia: Estitxu Zabala)
EHU-Donostiarrak Udaberriko IX. Lasterketa aurkeztu dute gaur goizean, EHUren Ibaetako campusean. Cristina Uriarte eta Josean Soroa izan dira ekitaldiko buruak, EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordea eta Donostiarrak Atletismo Elkarteko presidentea, hurrenez hurren.
Urtero legez, ohorezko titulu moduan, 1 zenbakidun dortsalak banatu dituzte. Aurtengoan, Oiana Blanco judoka eta Mikel Erentxun musikari donostiarra izan dira dortsal horiek jaso dituztenak. Bestetik, elkartasunari ere txokoa egiten dio lasterketak iazko ekitalditik. Hala, iaz Etiopia Utopia fundazioarekin egin zuen moduan, aurten Angel Olaran misiolariari hernaniarrari eskaini diote O dortsala. Olaranek urteak daramatza Afrikako hainbat txokotan laguntza ematen eta lan hori goraipatzeko laguntza ekonomikoa emango dio udaberriko lasterketak.
Lasterketa martxoaren 20an izango da, 10:00etan, Antiguan izango dituelarik irteera eta helmuga. 1.400 lagunek izango dute lasterketan parte hartzeko aukera eta dagoeneko 1.200 lagunek baieztatu dute euren izena ematea. Hala ere, astelehenean, unibertsitateari eskainitako 200 dortsaletatik soberan geratutakoak lortzeko aukera egongo da. Informazio gehiagorako:
www.donostiarrak.com.