Herritarren ahotsa zabaldu
Herria abian! plataformak hainbat elkarte, mugimendu eta norbanako biltzen ditu bere baitan. Talde hauek alor sozioekonomikoan erabakitzeko eskubidea izan nahi dute, egungo garapen ereduaren alternatiba eraiki ahal izateko. Plataformak ez du aldaketa sozialaren alde egiten duten kolektiboak ordezkatu nahi, horien ahotsa zabaldu, baizik. Donostiarrei ekimenaren nondik norakoak azaltzeko xedez, Aldaketa sozialerako astea aurrera eramango dute gaurtik aurrera Grosen.
Plataforma 2008ko amaieran sortu zen, Euskal Herriko 100 bat talde eta elkarte, nahiz beste hainbeste norbanako bere baitan elkartuz. Hilabete batzuk geroago, diagnostiko adostua eta 2010eko ekainean, aldiz, eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketa erdiesteko tresna osatu zuten. Honek lau ardatz ditu: eskuragarri dauden lanpostuen eta lan produktiboaren nahiz erreproduktiboaren banaketa, ekonomiaren demokratizazioa eta ekosistemaren garapen demokratikoa. Egungo eredu sozialaren aldaketa sakona eta hori gauzatzeko tresnen beharra nahiz burujabetza ekonomikoa aldarrikatzen ditu.
Mugimenduarekin batera, lan taldeak sortu zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Edonori irekiak dira, beren asmoekin bat egiten duten guztiak elkar daitezke. Hilabetean behin bildu eta asteak edo mobilizazioak prestatzen dituzte. «Ez ditugu elkarteak ordezkatu nahi horien lana bultzatu, baizik. Elkar ezagutzea eta indarrak batzea», azaldu du Mikel Pikaza ekimeneko kideak. Oraingoz hori da beraien nahia, ikasturte amaieran datorren urterako ildoak zehazteko asanblada egingo dute.
Hiriko eragileen txanda
Beraien asmoak jendartean zabaltzen ari dira azken hilabeteetan, Aldaketa sozialerako astea jardunaldien bidez. «Lau puntuak nahiko zabalak dira. Jendeari aukera eman nahi diogu horiei buruz esateko zer duten adierazteko», argitu du Pikazak. Horregatik, hiriko hainbat eragile gonbidatu dituzte gaur hasiko duten hitzaldi sortara. Lehenengoan, Altza, Gros, Egia, Amara Zaharra, Loiola eta Bidebietako auzo elkarteetako kideak izango dira Okendo kultur etxean. Bihar, aldiz, Anitzak, Zumaiako zaintzaile etorkinen Malen Etxea eta Tolosako Jatorkin taldeko ordezkariak entzuteko aukera izango da Kortxoenean. Toki berean egingo duten azken hitzaldian Bilgune Feministako kideek eta gaztetxekoek parte hartuko dute. Pikazak aurreratu duenez, «guztiek elkarte bezala zein egoeratan dauden, krisiak zein arazo eragin dien eta bakoitzak ikusten dituen alternatibak edo irtenbideak azaltzeko aukera izango dute. Ahotsa eman nahi diegu».
Astea amaitzeko elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean. Pikazaren hitzetan, «herri mugimenduetako jendeari deituko diogu bakoitzak bere aldarrikapenarekin parte har dezan». Horrekin batera manifestua eta ekimenari buruzko eskuorriak banatuko dituzte.
- Martxoak 15, gaur. Auzo elkartak aldaketa sozialaren alde. Okendo kultur etxea, 19:00etan.
- Martxoak 16, bihar. Migratzaileak aldaketa sozialaren alde. Kortxoenea, 19:00etan.
- Martxoak 17, etzi. Emakume eta gazte mugimenduak aldaketa sozialaren alde. Kortxoenea, 19:00etan.
- Martxoak 18, ostirala. Elkarretaratzea. Bulebarra, 19:00etan.