Hitza taldeko kideak Lilatoia hasi aurretik (Argazkia: Karmele Urbistondo)
Irutxuloko Hitzak, gainontzeko eskualdeetako Hitza egunkariekin elkarlanean, Lilatoirako Hitza Taldea osatzeko deia egin zuen irakurleen artean. Taldea osatu da bigarren urtez jarraian, baina iaz zazpi kide izan zituen taldeak 26ra jauzia eman du. Horietatik hamar donostiarrak dira eta oso gustura ibili ziren lasterketan.
Maixol Agirrek, esaterako, bosgarren aldiz jarraian parte hartu zuen igandean Lilatoian. Iaz bezala, Hitza Taldeko kide izan zen. «Lankide batekin joan nintzen eta, talde finkorik ez genuenez, Hitzaren proposamena irakurtzean, aukera ona zela pentsatu genuen. Oso gustura geratu nintzen, bai partaidetza aldetik bai antolakuntzari dagokionean ere», aipatu du. Gainera, helburua lortuta, pozik agertu da. «Gure asmoa parte hartu, ondo pasa eta helmugara iristea zen. Sinbolikoa izan arren, tamalez, halako aldarrikapenen beharra daukagu oraindik; emakumearen presentziak oihartzuna izatea garrantzitsua da». Orain arte parte hartu ez dutenei ere deia egin die Agirrek. «Igandean batzuk lehen aldiz parte hartu zuten eta aipatu zuten bost kilometro ez zirela hainbesterako, eta oso pozik zeuden».
Nerea Albisuk ere badu esperientzia Lilatoian, laugarren urtea baitzuen. «Oso esperientzia polita izan zen eta iazko denbora bera egin nuen gutxi gora-behera, urtebete gehiagorekin». Edonola ere, lasterketa gogokoa duen arren, pixka bat kritikoa dela onartu du. «Ez dakit beharrezkoa den, baina festa baten moduan hartzen dut eta polita da. Askotan hitz egin dut ingurukoekin gai honetaz. Lasterketa gehiagotan parte hartzen dut eta emakumeak gero eta gehiago gara», adierazi du. Gainera, lagun gehiago ere animatzeko gogoa duela onartu du. «Aurten ere lagun gehiago animatzen saiatu naiz eta ez dut lortu, baina datorren urterako gaur bertan hasiko naiz. Merezi du, oso polita da, mantso-mantso ere egin daiteke. Iristea da kontua».
Marijo Rubiorentzat, berriz, lehen esperientzia izan zen, bai Hitza Taldean bai Lilatoian ere. «Gustura egon nintzen giroarekin eta egia esan emakumeen poza kutsakorra zen. Lasterketa gehiagotan parte hartu izan dut eta hau benetan herrikoia dela konturatu naiz», azaldu du pozik. Gainera, egindako talde aukeraketarekin ere gustura geratu da. «Hitza bultzatzeko erabaki nuen taldean sartzea eta Hitzari jarritako konfidantza eta egindako lana eskertu nahi dizkiot». Gainera, Lilatoiaren garrantzia aipatu nahi izan du. «Oso gustura aritu nintzen eta, nire ustez, bost kilometroko lasterketa aproposa da kirola denbora pasa bezala egiten dugunontzat».
Pili Bodegas txapelduna
Pili Bodegas lasartearra izan zen XXII. Lilatoiko helmuga zeharkatzen lehena, igandean. Guztira, 2.400 emakume bildu zituen lasterketak, iaz baino 200 gehiago. Bodegasek 37 urte ditu eta 18:17ko denbora egin zuen. Hortik 10 segundora, Rosi Talavera hernaniarra iritsi zen. Hirugarren eta laugarren sailkatuak, berriz, donostiarrak izan ziren; Carmen Perea (18:37) eta Aiora Jaka (18:51).