Oihala altxatu du dFeriak
dFeria jaialdia hasi da.
Abiada hartzen hasi da dFeria. Arte eszenikoen jaialdiak bigarren jardunaldiari ekingo gaur. Osteguna arte azken urtean ekoiztutako dantza eta antzerki obrak taularatuko dituzte. Ikuskizuna hasi egin da.
Haurrentzako ‘Historias de papel’ antzezlana izango da gaurko lehen emanaldia (Lugaritz kultur etxea, 11:00). Behibi’s konpainia gipuzkoarraren azken proiektua da. Txotxongilo ikuskizuna bada ere, Patricia Franco aktoreak ere parte hartzen du. Papiroflexiaren bidez osatutako eszenatokia eraikiko du emanaldian zehar: «Horretan datza obraren izenburuak». Bi istorio jaso ditu. Lehena «bertako neska bati buruzkoa da. Dena dauka, baina ez da zoriontsua. Hamaika jostailu ditu, baina erabili ahala bota egiten ditu. Zaborra sortzen du».Bigarren istorioa zabortegian bizi diren haur batzuen ingurukoa. Bertan biltzen dutenarekin bizi dira: «Hauek ere ez dira zoriontsuak ez baitute ezer, eta berarekin bizi den pertsona helduak gaizki tratatzen ditu». Francoren ustez, «muturreko istorioak badirudite ere, ez daude errealitatetik oso urrun. Horrelako daude haurrak hemen, eta hemen inguruan».
Haragia, gorputza eta kolpeak Azala, haragia, soinua eta mugimendua dira Natxo Montero bilbotarraren ‘Carni di prima qualita¡ (Egia kultur etxea, 12:30) dantzalanaren osagai nagusiak . Iaz, azaroan, aurkeztu zuen Bilbon, eta harrez gero hogei bat emanaldi egin ditu. Monterok Patricia Fuentes dantzariarekin batera egindako sorkuntza eta ikerkuntza lana da. Biak ala biak izango dira bakarrik eszenatokian: «Inolako apaingarririk gabeko obra da. Ez du eszenografiarik, ezta musikarik ere. Guk sortzen dugu soinua, gure gorputzekin. Fisikoki oso indartsua da. Zein soinu sortzen da bi gorputzek talka egiten dutenean? eta lurrera erortzen direnean?». Venezian egindako erresidentzia beka batean sortu zen proiektu honen hazia, eta bertan bururatu zitzaion izenburua: «Italian ginela Carni di prima qualita ikusi nuen kartel batean, eta izenburu hori jarri genion. Azken batean hori gara gu». Irudiekin lan egin ohi du Monterok: «Bonba batek eztanda egiten duenean gorputzak desagertu egiten dira bat batean. Obsesionatuta nago ideia horrekin. Edota kontzentrazio eremuetako gorpuekin. Hiltzen direnean esku eta oinetatik heldu eta fosa batera botatzen dituzte… Haragia, gorputza eta kolpeak. Hori da gure lana». Finean, bizitzan edonori gertatu zaizkion desiratutako eta ez desiratutako une eta egoera horien gaineko obra dela dio dantzariak.‘Karrikan’ lanaren aurrerapena Kukai konpainiak ‘Karrikan’ (Victoria Eugenia Klub aretoa, 13:45) proiektuaren aurrerapen txiki bat eskainiko du. Kale ikuskizun osoa maiatzean estreinatuko du Leioako Umore Azokan. Hiru koreografoen lan desberdinak jasoko ditu proiektuak. Kolore eta pintzelada desberdinak izango dituela adierazi du Jon Maya dantzariak. Horietatik bat ikusi ahal izango da dFerian, Sorbatza. Ezpata dantza tradizionala Los Angeleseko kaleetan sortutako krump estilo garaikidearekin nahastu dute.
Bi galtzaile, egun berezi bat Zer eragin du faxismoak jendearen arimarengan? Galdera horren inguruan sortu du Una jornada particular (Antzoki Zaharra, 18:00) La Pavanak. Sophia Loren eta Marcello Mastroianni protagonista zituen ‘Una giornata particolare’ (Ettore Scola, 1977) filmaren antzerkirako egokitzapena da. Konpainiak, ordea, Mussoliniren Italia faxista girotutako istorioa Francoren diktaduraren urteetara ekarri du, 1936ko gerraren ondorengo garaira: «Bi galtzaileren istorioa da. Menderatuta bizi den etxekoandre bat eta erbestera zigortutako irrati esatari homosexual bat. Pertsonaia oso gertukoak dira, oso hunkigarriak. Egun berezi bat da pertsonaia hauen bizitzan. Bien bizitzak aldatu egiten dira biek elkarrekin topo egitean». Vaiven taldeak ‘Duda razonable’ (Victoria Eugenia antzokia, 20:00) taularatuko du. Lagundu egin behar zaio laguntzarik ez nahi duenari, ala hobe da ez sartzea? Gogoeta honen gainean sortutako antzezlana interpretatuko dute Ana Pimenta eta Marcial Alvarez aktoreek. Iara Solano aktore gasteiztarrak ‘As the flames rose we danced to the sirens, to the sirens’ (Victoria Eugenia Klub aretoa, 23:00) obra ekarriko du Sleepwalk Collective konpainiarekin. Performance lanetan eskarmentu handia du taldeak. Oraingoan ordea performancea antzerkiaren formatura egokitu dute.