"Ea bera ere bila dabilen eta elkar ezagutu dezakegun"
Lehenak ezagutarazi zirenetik, etengabe hazten doa ustez legez kanpokoak diren adopzioen kopurua. Anadir elkarteak EAEn jasotako 170 kasuen gehienak Gipuzkoan eman ziren; horietako asko, Isabel Expositorena barne, Arantzazu Ospitalean.
Isabel Expositok (Tolosa, 1965) zortzi urte zituela zorionez jaso zuen ahizpa izango zuenaren albistea; haurra, ordea, ustez hilik jaio zen. Erditzean izandako gorabeherek zalantza piztu zuten, eta antzeko beste gertakari batzuk ezagutzeak, gertatutakoa argitzera bultzatu zuten. Anadir elkarteak lagunduta, haurrari buruzko agiriak bildu ditu. Irutxuloko Hitzak ikusi dituen dokumentu horietan oinarrituta, Expositok salaketa aurkeztuko du, beste kaltetu batzuekin batera.
Gertatutakoa nola gogoratzen duzu?
Zortzi urte nituen eta ilusio handia nuen ahizparekin. Garai hartan, ez ziguten azaltzen. ama haurdun zegoela, zikoina zetorrela, baizik. Orduan, nahastu egin zela pentsatu nuen. Hala ere, gertatutakoari errezeloa hartzen diot, gurasoek eskatu arren, haurra ez zietelako inoiz erakutsi.
Zer gertatu zen?
Ama haurdunaldi amaieran erditu zen Aranzazu Ospitalean –egun Donostia Ospitala–. Azterketa egitean fetu tonurik ez zegoela esan zioten, haurra hilda zegoela, eta lokartu egin zuten, gorpua ikustea oso ezatsegina izan baitzitekeen. Aitak behin eta berriz eskatu zien haurra erakusteko, baina ez zioten ikusten utzi. Amari erasan ziezaiokeela esan zien, baina bera gizona zela, jasan zezakeela. 1967an beste haur bat izan zuten eta, bizirik jaio zen arren, hil egin zen. Orduan, egoera guztiz bestelakoa izan zen. Nire gurasoek haurra ikusi zuten eta aitak hilkutxa erosi, hilotza bertan sartu eta hilerrira eraman zuen. Horregatik harritu zuen gorpua ikusten ez utzi izanak. Bestalde, erraustu egingo zutela esan zioten, baina Anadir elkarteko kideek esan didatenez, hori ez da egia. Haurrak lurperatu egiten ziren hobi komun batean edo bestela.
Zuk errezeloa zenuen, baina zure gurasoek susmorik izan al zuten?
Aitak bazuela uste dut. Amari alta eman eta bila joan gintzaizkion egunean, aitak habira eraman ninduen. Lau sehaska lerro zeuden eta gogoan dut atze aldera begira luze egon zela. Oso serio eta atsekabetua zegoen. Ez dut ulertzen zergatik eraman ninduen hara.1967ko esperientzia ezagututa, berdina izango zela pentsatu zuen, baina ospitalean beraiek egingo zutela dena, ez kezkatzeko esan zioten. Baina ez dago ehorztetxeko fakturarik ez ezer. Amak esan ziotena sinetsi zuela uste dut. Haurdun nengoela semea oso gutxi mugitzen zenez, estutu egiten nuen tripa mugitzen zen ikusteko. Amak galdetu egin ohi zidan ea ziur nengoen haurra zen mugitzen zena, berak izandako haurra mugitu arren, medikuek haizeak zirela esan ziotela.
Noiztik zabiltza ahizparen bila?
Ez nekien zer egin zalantza argitzeko. Azaleratu diren kasu guztiak ikusita, nora jo izan nuenean hasi nintzen; zer egin galdetzeko helbidea eta deitzeko telefono zenbakia izatean. Flor Diazi egindako elkarrizketa bat irakurri eta deitu egin nion. Ordura arte ez nekien zer egin ezta zein dokumentu eskatzeko eskubidea nuen. Egin beharrekoak argitu zizkidan eta otsailaren 10ean hasi nintzen.
Zein pauso eman dituzu?
Polloera joan nintzen ahizparen lur emateari buruzko informazioa eskatzeko. Gutuna bidali zidaten Altza eta Polloeko artxiboan haurraren lur ematea jasota ez dutela egiaztatuz. Erregistro Zibilean ere izan naiz eta han dokumentazioa desagertu egin dela esan zidaten. Lehen egunean, 1967tik 1975era artekoa desagertuta zegoela esan zidaten. Bilatuko zutela eta deituko zigutela. Berriro joan naiz, deitu dut eta beti erantzun bera eman didate: desagertua dagoela. Azkenik, batean idatzi bat eraman nuen eskaera zigilatu ziezadaten. Ez zidaten eskaera jaso, zuzenean dokumentazioa 1975etik aurrera bakarrik dutela dioen idatzia eman zidaten.
Erregistroan jasotako erantzuna ohikoa al da?
Neska donostiar baten kasua ezagutzen dut. Askotan hitz egin du beraiekin eta beti erantzun bera jaso du: 1973tik dituztela dokumentuak.
Zure ahizparen jaiotze urtea…
Bai, baina niri 1975etik aurrerako dokumentazioa dutela esaten didate. Berak Arantzazu Ospitaletik jaso duen txostenaren arabera, bere ama ez zen han izan. “Amak haurdunaldia asmatu zuen” esaten du. Baina haur hura bizirik jaio zenez, premiazko bataioa jaso zituen eta ehorztetxeko faktura dute. Jaio ez omen zen haur batena! Polloen esan diete han ez dutela haur horren lur ematerik jaso.
Donostia Ospitalean ere izan zara…
Donostia Ospitalera joan nintzen amaren informazioa eskatzera eta eman zidaten. Gauza batzuk ez datoz bat. Txostena nahiko gaizki egina dago, sendagilea den lagun bati erakutsi nion eta berak ere ez daki 1973an gauzak horren gaizki egiten zirenik.
Zein akats aurkitu dituzu?
Apunteak baino ez dira. Gaixoaren tenperatura taula, umetokiaren hondoaren altuera, haurdunaldi astea agertzen da. Fetuak 1, 300 kilo pisatu zituela dio eta hori bat dator 28 asteko umekiarekin. Ama haurdunaldiaren amaieran zegoen, baina, txostenaren arabera, 28. astean zegoen edo fetua aste horretatik hilda zen. 40. astea arte hiru hilabete gehiago dira, beraz, ezinezkoa da. Gainera amak gustuko zituen haur handiak eta, izebak dionez, beste haurdunaldietan adinako sabelaldea zuen. Bestalde, erditzearen ondoko odoljarioetarako emandako sendagaia agertzen da, baina ez lokartzeko emandakoa. Plazenta «oso itsusia», besterik ez dio. Maribel izeneko batek izenpetu zuen agiria, fitxan Eugi doktorea agertzen den arren. Amak beti esan zuen bera ez zuela mediku batek artatu, emaginak, baizik.
Horren azalpen bat nahi duzu, ezta?
Gauzak normalak ziren ala ez esango dizun norbait behar duzu. Zergatik egiten ziren gauzak horren gaizki. 1967an ama ospitaletik irten zen dokumentu egoki batekin. Hau, aldiz, ez da txostena, apunteak dira.
Beste kasu batzuk ikusteak itxaropena ematen al dizu?
Itxaropena ez dut inoiz galdu. Polloeko gutuna irakurtzea, gurasoek haur bat ekarriko zutela esan zidatenean bezala izan zen, ilusio bera sentitu nuen. Beldurra ere bai, jada ez baita haurra, hilaren 24an 38 urte beteko ditu eta bere bizitza du. Gainera, ez dakit berak gertatutakoa badakien ala ez. DNA frogen zain nago eta aurrera jarraituko dut. Ea bera ere bila dabilen eta elkar ezagutu dezakegun.
Anaiak lagundu al dizu bilaketan?
Ez nion ezer esan agiriren bat izan arte, hilerriko gutuna jasotzean kontatu nion. Bera ni baino askoz gazteagoa zen, 3 urte zituen. Nik aurkeztuko dut salaketa, baina berak horren berri du.
Noiz aurkeztuko duzu salaketa?
Salaketa Anadir elkarteari eman diot. Beste kasu batzuekin batera aurkeztuko dute, talde salaketa batean.