Baleazaleen gaineko erakusketa prestatuko du Untzi Museoak
Elkanok, Urdanetak edo Lopez de Legazpik izan zuten protagonismoaz gain, euskaldunek Ozeano Pazifikoan izan duten presentzia ez da egun bateko kontua izan: Filipinar irletan, Japonian, Amerikako kontinenteko mendebaldeko kostalde inguruan eta Txina hegoaldeko kostaldeko lurretan… Euskaldun askok eta askok lagundu zuten Filipinen, eta Espainiak kolonizatutako beste hainbat irlen, historia egiten. Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez erakusketak euskaldunek nabigazio eta merkataritzarako ibilbide berriak esploratzen eta deskubritzen betetako eginkizun garrantzitsua azaltzen du. 2008ko abenduan inauguratu zuen Untzi Museoak. Hiru urteren ondoren, ateak ixteko ordua iritsi zaio. Igandea arte izango da zabalik.
Azken egunak direla eta, sarrera doakoa izango da Untzi Museoan. Gaur eta bihar, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisita daiteke erakusketa. Ostiralean eta larunbatean, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Igandean, 11:00etatik 14:00etara.
Igandetik aurrera Untzi Museoak ateak itxiko ditu hilabete batez. Erakusketa kendu eta hurrengoa muntatzen hasiko dira. Apirila erdialdean ‘Baleazaleak’ erakusketa aurkeztuko dute. Balearen ehizaren iragana eta orainaren inguruko muntaia izango da. .