Suhiltzaileen ibilgailu berria, istripu larrietan erabiliko dute (Argazkia: Xabier Etxabe)
Inoiz baino erosoago egongo dira suhiltzaileak Garberako egoitza berrian. Easokoari agur esan, eta askoz ere zabalagoa eta modernoagoa den eraikinean egingo dute lan maiatzetik aurrera. Eraikina prest dago, altzariz hornitzea besterik ez da falta.
Erdialdetik urrunago egongo badira ere, bide azpiegitura nagusiak bertatik bertara izango dituzte. Hala, Altza, Intxaurrondo eta inguruko auzoetara 5-10 minututan iritsiko dira.
Garberako egoitzak ez du Easokoarekin zer ikusirik. Bi solairutan banatuta, logelak, bi pisuko gimnasioa eta beste hainbat gela ditu. Adierazgarriena, ordea, kanpoaldean entrenamendu saioak egiteko egokitu duten 2.300 metro koadroko eremua da. Salbamendu ariketak egiteko leku zabal eta irekiarekin batera, zazpi pisuko dorrea eraiki dute, «Gipuzkoan bakarra», dio Javier Baiona suhiltzaile buruak. Dorre honek era guztietako ariketa egiten lagunduko die trebatzeko gogoz diren suhiltzaileei. Lan-taldea osatzen duten 96 suhiltzaileentzat izango da baliagarria, erreskate operazioak erraztu eta arintzeko behar adina ariketa egin ahal izango dituztelako bertan.
Entrenamendu saioetarako, baina, ez dute denbora handirik izango, egunean sei bat irteera egiten baitituzte. Iaz, 1629 izan ziren hiriko suhiltzaileek egindako erreskate lanak. 1.496 hirian bertan, eta gainontzeak, Pasaia eta Hernani inguruan, batipat.
Ibilgailu berria
Egoitzarekin batera, ibilgailu berria dute suhiltzaileek auto-istripu larrietarako edota etxe bat lurrera erortzen denerako. Kamioiak duen tresneriari esker, istripuren batean txikitutako autoa zatitu ahal izango dutela argitu du Imanol Andonegi suhiltzaileak. Kamioia eskuratzeko inbertsioa 260.000 eurokoa izan da.
Hurrengo legealdiko erronka, udaltzainen egoitza berritzea izango da.