Naturgaseko akzioek diru-sarreren zuloa txikitu dute
Naturgaseko akzioak saltzetik Udalak jaso dituen 85 milioi euroek mesede handia egin diote udal aurrekontuari. Hala, 2010 urtean zehar izandako gastu eta diru-sarreren zuriketa egin ostean, 7,6 milioi eurokoa izan da superabita.
Zorrari dagokionez, 107 milioi euroko zorra du Udalak. Zorrari aurre egiteko duen ahalmena, ordea, kezkatzea ez dela azaldu du Julian Ortiz udal kontu-hartzaileak, Udalak esku artean dituen ehun euro bakoitzeko bost zor dituelako.
Honenbestez, Naturgaseko akzioen salmentak udal aurrekontua orekatzen lagundu du. Izan ere, 85 milioi euro horietatik, 55 bat inbertsioetarako bideratu dituzte. San Telmo museoa, Intxaurrondoko kiroldegi eta kultur etxea edota Amarako zubi berriak eraikitzea ahalbidetu du horrek.
Gainontzeko 30 milioi euroek, berriz, krisiaren ondorioz aurrera atera ez diren diru-sarreren zuloa estaltzeko balio izan dute. Izan ere, Iyola, Illarra edota Atotxa Errekan saldu nahi zituzten lursailek ez dute jaberik topatu; ondorioz, ezin izan dute dirurik jaso. Egoera horrek, hala ere, bere alde ona baduela adierazi du Ortizek. Udalak hurrengo urteetarako saltzeko edota probetxu handiagoa ateratzeko ondarea izango duelako eskura.