Triz3psekin, dantzara
Larunbatean, Victoria Eugenia Klub aretoan, aurkeztuko du Javi P3z musikariak proiektu berria
Duela bi urte elkartu ziren Alberto Bosch (baxua), Javi P3z (gitarra, ahotsa) eta Oriol Flores (bateria). Hiruren artean musika egiten hasi ziren eta orain, lehen aldiz, jendaurrean erakutsiko dute denbora honetan entsegu lokalean prestatu dutena. Triz3ps izena dute.
Hirurak funk, soul, groove eta musika elektronikoko hainbat egitasmoren bultzatzaile izan dira: Lau Behi, Parafunk, Novophonic, Miqui Puig, Hotel… Orain molde zaharrean itzuli dira, hirukote gisa. Ohiko beste bi lagun izango dituzte eszenatokian, Luis Camino (perkusioa) eta Mikel Azpiroz (teklatuak). Parafunk taldea osatzen zuteneko garaiko abestiak ere berreskuratuko dituzte kontzertuan. Emanaldiak Epilogo diskoaren zaporea izango duela adierazi dute. Izan ere, iragana izango dute ardatz zuzeneko emanaldian, denboran atzera egiten duen erloju baten mendean egongo bailiran. «Oraina inpregnatu eta etorkizuna baldintzatzen duen iraganaz ariko gara abestietan», azaldu du P3zek.
«Iraganaren eragina duten egungo emozioen inguruko hitzak idatzi ditu Javik. Denbora luze eman dugu musika jotzen. Urte hauetan guztietan gugan eragina izan duten musika estilo horiekin gure estiloa sortu nahi dugu. Musikaren bidez sentimenduak eta iragana aldarrikatu nahi dugu», azaldu du Boschek.
Oriol Flores hiruetan gazteena da. Bartzelonako musikaria da, eta egun Musikenen ikasten ari da: «Haiekin elkartzea berriz ere hamabost urte nituela sentitzea bezalakoa izan zen. Entsegu lokal batean sartu eta atsedenik hartu gabe jotzen ibili gara. Egiten duguna energia hutsa da, guztia oso modu naturalean sortu dugu».
Bitxia badirudi ere, zuzenean bakarrik existitzen duen proiektua da Triz3ps. Ez dute diskorik kaleratu: «ez dakit diskoa ere ja iragana den [barrez]. Diskoa argitaratzea baino garrantzitsuagoak dira abestiak.Gure lan egiteko modua izango da», esan du P3zek. Musika dantzagarria izango dela aurreratu dute: «Guztiek dute erritmoa. Stax Records, Motown, edo Al Greengan aurkitu dugu inspirazioa», aitortu du Boschek.
Kontzertua. TRIZ3PS. Musikariak. Alberto Bosch (baxua, koruak), Oriol Flores (bateria), Javi P3z (gitarra, ahotsa), Luis Camino (perkusioa) eta Mikel Azpiroz (teklatuak). Non. V. E. Klub aretoan. Noiz. Larunbatean, 20:00etan.
Sarrera. 15 euro.