Iaz Donostiako hainbat txoko ezagun irudikatu zituen Ernest Lluch kultur etxean, 'Hiri paisaia' erakusketan. La equitativa eraikina, Hernani kalea, kaia... Orain, ordea, naturaren paisaietan murgildu da
Adriana Ibargoien, Mihise pintura akademian.
‘Basorako sarrerak’ artista donostiarraren erakusketa berria da. Martxoaren 29a arte izango da ikusgai Lugaritz kultur etxean.
Iaz Donostiako hainbat txoko ezagun irudikatu zituen Ernest Lluch kultur etxean, ‘Hiri paisaia’ erakusketan. La equitativa eraikina, Hernani kalea, kaia… Orain, ordea, naturaren paisaietan murgildu da
Adriana Ibargoien gaztea (Erdialdea, 1983). Bere pasioa, pintura, berak sortutako Groseko Mihise akademian ematen dituen eskolekin uztartzen du.
Zer dira ‘Basorako sarrerak’?
Metafora bat da. Erakusketa honetako kuadroak oso handiak dira. Ateak direla dirudi. Askotan gure lanean murgilduta bizi gara, lau pareten artean sartuta, ez gara kanpora ateratzen… Kuadro hauek gure egunerokotik ihes egiteko ateak dira. Beste ikuspegi batzuk erakutsi nahi izan ditut. Protagonistak ez dira basoak, protagonista nagusia argia da. Oso momentu txarretan gaudenean beti dago esperantza argi bat. Egoera korapilotsu eta zailenen ondoren ere bai.
Basoan, sute baten ondoren, argia ikusten den bezala?
Kuadro batzuk oso ilunak dira, baina beti dago argi oso indartsua urrunean. Sute baten ondorengo momentua izan daiteke, baina kuadroa irakurtzeko hainbat modu daude. Argia irudikatu gabe, koloreekin bakarrik ere lortu dut argitasuna eta kontrasteak sortzea. ‘Baso urdina’ izena duen obran, esaterako, morea eta horia erabili ditut. Oso argi berezia sortzen da nahasketa horrekin. Seri honetako lehen kuadroa azkenarekin konparatuz gero… Ez dute zer ikusirik. Pixkanaka argitzen joan ziren, eta kolore gehiago erabiltzen hasi nintzen. Hasierakoak triste samarrak ziren, baina hori ere aldatzen joan da. Azkenak oso koloretsuak dira. Azken batean hori ez dago nire kontrolpean, niri horrela ateratzen zait barru- barrutik. Ikusleek eraldatze hori ikustea eta nabaritzea nahi nuen.
Zure irudimenean sortutako basoak dira, ala benetakoak dira?
Denetarik dago. Ni beti joaten naiz informazio bila. Nafarroa eta inguruko basoetara joan naiz. Gauzak ikusten denbora handia eman dut. Basoetan argia nola sartzen den ikusteko, adibidez. Irudikatu nahi duzuna errealitatean badago, lan hori egin behar duzu. Akuarela eta arkatz batzuekin joan ohi naiz eta momentuan pentsatzen dut nolako margolana egin nahi dudan. Ondoren, informazio horrekin zure mundua eraikitzen duzu. Gauzak ikusteko duzun modu hori islatzen duzu. Baso gehienak ez dira benetakoak. Baso gorria kuadroak baso txinatar bat dirudi. Baina ez da. Hemen inguruan dagoen baso bat da. Kolore guztiak aldatu nituen, eta hori izan da emaitza.
Hamabi kuadro bildu dituzu Lugaritzen.
Kuadro batzuk oso handiak dira, baina hainbat tamainakoak dira. Oso txikiak, ertainak… Handienek 1,80 metroko zabalera eta metro bateko zabalera dute. Teknikari dagokionez, olioa erabili dut gehien. Teknika mistoa ere bai, produktu desberdinak nahastu baititut: papera, itsasgarria, erretxina…
Hirietako paisaiak irudikatu zenituen azken erakusketan, Ernest LLuchen, eta orain, naturan murgildu zara bete betean.
Serie oso desberdinak ditut. Nekeza da beti gauza berdinak margotzea. Ez dakit gaztea naizelako den, edo beti horrela izango den. Nire webgunean bost proiektu desberdin ikus daitezke. Alde handia dago elkarren artean. Hiri paisaiak egin baino lehen ere, bodegoiak lantzen aritu nintzen. Ez dakit zergatik den, baina gauza desberdinak egitea gustatzen zait. Gai bat aukeratzen dudanean buru belarri sartzen naiz, baina beti-beti berdina margotzea…
Mihise izeneko pintura akademia sortu duzu Grosen.
Bai, nire lantegia eta akademia da, aldi berean. Eskolak ematen ditut eta oso gustura nago. Orain nekatu samar nabil, eta ez dut margotzeko denborarik. Baina oso zaila da ez margotzea. Beti ditut ideiak buruan, zirriborroak egiten ditut… Eskolak ematen ditut gainera, eta ikasleekin ere pinturaz hitz egiten dudanez, ba pintura obsesio bihurtzen da nolabait. Haur zein helduentzako eskolak dira. Askotariko teknikak erakusten ditu, eta jendea arrazoi desberdinengatik etorri ohi da. Batzuk, teknika perfekzionatu nahi dute, beste batzuk laguntza behar dute azterketa bat egiteko.
Hamabi olio bildu ditu Lugaritz kultur etxean.
Erakusketa. Basorako sarrerak.
Non. Lugaritz kultur etxean.
Noiz. Martxoaren 29a arte zabalik. Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era.