Ibilbide guztiak, klik bakarrean
Eguneroko eginbeharretarako edo ohikotasunez erabiltzen diren garraiobideen ordutegi eta ibilbideak ezagutzea ez da zaila izaten. Hiritik irten edo bestelako bideak erabiltzean, ordea, arazoak izan daitezke. Gipuzkoako autobus eta tren zerbitzuen informazioaren bila aritu behar izan dutenak jabetuko ziren konpainia bakoitzak bere gunea duela. Behin bilatutakoa aurkituta, gainera, ezin jakin ordutegi eta ibilbideak gaurkotuak diren ala ez. Arazo horiek guztiak konpontzeko Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) www.mugipuzkoa.com webgunea abian jarri zuen atzo. Donostiako Udalarekin batera, ekimen berria Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Errenteria eta Irungo udalek bultzatu dute.
Renfe, Euskotren, Lurraldebus eta Donostia, Irun nahiz Errenteriako autobus zerbitzuek eskaintzen dituzten 15 operadoreen informazioa gune bakarrean biltzen du Mugipuzkoak. Erabiltzaileak 1.700 geltoki eta 260 ibilbide erabiliz gero, bidaia bere nahietara egokituz antolatu dezan. Horretarako, nahikoa da udalerri, helbide edota leku adierazgarri bat aukeratzea. Antolatzaileak zein garraiobide publiko, non eta noiz hartu behar duen adieraziko dio; baita itxaroteko denbora edota garraio aldaketa, halakorik balego. Ibilbidea osatzeko aukerak zerrendatu egingo ditu laburrenetik luzeenera, eta bakoitzaren kostua adieraziko du. Esaterako, 17:00etan Rodiletik Añorga Txikira joateko bide egokiena zein den galdetuta, hiru proposamen eskaintzen ditu zerbitzuak. Laburrena burutzeko 49 minutu behar dira, luzeena baino 10 minutu gutxiago. Rodiletik Azkuenera oinez joan, eta bertan, 9 zenbakia duen Dbusen autobusa hartu behar da. Handik Bulebarrera oinez, eta ondoren, 25 zenbakia duen autobusa hartu. Ibilbidea xehetasunez ere ikus daiteke, norabide eta hartu beharreko kaleak zehaztuz, eta ikusgai dago Googleren mapan.
Lurraldeko biztanleei begira egindako zerbitzua bada ere, Gipuzkoa Transit zerbitzu berri eta aitzindaria jasotzea ere ahalbidetzen du. Izan ere, sakelako telefonora deskargatuz gero, uneoro ibilbide onena zein den esango dio erabiltzaileari, ibilgailuen atzerapenak edo geltoki aldaketak atzemanez.
Hurrengoa, txartel bateratua
Ia bi urtetan luzatu den lanaren emaitza da Mugipuzkoa. Gutxika egun dituen zerbitzuei beste batzuk gehitzen joango direla azaldu zuen GGLAko zuzendari Arantza Arozenak. Besteak beste, linea guztiak biltzen dituen paperezko mapa egingo dute. Lehenik, ordea, bailaretakoak aterako dituzte eta Donostialdekoa udararako prest egotea espero dute. Urtebeteko epean, berriz, interneteko zerbitzua telefono bidez erabilgarri egotea nahi dute, interneten ibiltzeko zailtasunak dituztenek ere erabil ahal dezaten. Mugikortasun diputatu Arantza Tapiaren hitzetan, Mugipuzkoa «garraiobide publikoen bateratzean urrats berri bat da» eta orain hilabete onartu zuten tarifa bateratuaren ondoren, hurrengo pausoa txartel bateratua izango dela aurreratu zuen.