Kursaalek ez du azken urtean krisia usaindu ere egin
Batzarrak erakartzeko Kursaalek botako sareak sarda erakargarria jaso du. Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendariak plazaratutako datuei erreparatuz, behintzat, inguruko batzar aretoen inbidia izan daiteke Donostiakoa. Hamarkada besterik bete ez duen Kursaalek 30 biltzar erakarri zituen iaz, historiako bigarren kopururik handiena. Biltzar kopuruari dagokionez, Espainia mailan Kursaal hirugarren lekuan kokatzen dela nabarmendu du Goikoetxeak.
Marka guztiak, dena den, fakturazioan eta biltzarkide kopuruan gainditu dituzte. 17.854 biltzarkide igaro dira Zurriolarekin bat egiten duten aretoetatik. Biltzarrek eta urte osoan antolatzen diren gainerako jarduerek 4.366.493 euro utzi dituzte poltsan, 2009an baino %9,9 gehiago. Ondorioz, kanpoko laguntzarik gabe finantziatzeko gaitasuna duen elkarguneak 873.841 euroko superabita izan du diruzaintzan.
Batzarren alde egindako apustuak fruitu ugari eman dituen arren, zuhur ibili behar dela ohartarazi du Kursaaleko zuzendariak, urtetik urtera lehia handitzen ari baita. «Egun, 60 batzar areto daude, eta beste 40 eraikitze lanetan; eskaintza, beraz, ikaragarri handitzen ari da, eskariak, berriz, bere horretan jarraitzen du». Gakoa, hortaz, nazioarteko eskaintzari heltzea izan behar duela adierazi du. Iaz zortzi izan ziren nazioarteko jatorria zuten batzarrak.