Londres dute buruan arraunlari donostiarrek
Ur-Kirolakek eta Donostia Arraun Lagunakek aulki mugikorreko zortziko seniorrak uretaratu dituzte eta biek ere Head of The River Race estropada dute helburu.
Bai Ur-Kirolakek eta bai Donostia Arraun Lagunakek aulki mugikorreko zortziko seniorra uretaratu dute aurten. Dagoeneko Gipuzkoako Ligako hainbat estropadetan parte hartu dute, baina begirada Londreseko Head of The River Race estropada ezagunean dute. Irutxuloko Hitzak arraunlariekin beraiekin hitz egin du.
Xabier Zabala loiolatarrak egunkari honi erretiratzeko asmoa zuela adierazi zion iaz. Hala ere, arraunean guztiz murgilduta darrai eta, Hernani Arraun Elkarteko gaztetxoen entrenatzailea izateaz gain, Urkiko zortzikoko entrenatzailea eta arraunlaria ere bada. Kadetea zela hasi zuen arraun ibilbidea Zabalak, Urkin bertan, baina kluba trainerurik gabe geratu zenetik beste hainbat klubetan ibili da, bai traineruan bai aulki mugikorrean ere. Aurten ilusioz itzuli da bere betiko klubera. «Ricardo Unzuetarekin batera klubeko zuzendaritza berrian sartu direnak ezagunak ditut eta gehienak aurretik nirekin arraunean ibilitakoak dira. Egia esan, etxera itzultzea erraza izan da, ondo eta lasai lan egiteko modukoa», azaldu du Zabalak.
Hiruzpalau urte ziren Urkik zortziko seniorrik ez zuela, eta zuzendaritza berria Zabalarekin harremanetan jarri zen, erronka burutu zezan. «Urki beti izan da aulki mugikorreko kluba eta oso emaitza onak lortu izan ditu. Historia hor dago eta berreskuratu nahi izan dugu, dinamika baikor batean sartzeko ahaleginarekin». Hala ere, zortzikorako taldea batzeak bere zailtasuna izan duela onartu du Loiolakoak. «Hasiera zaila izan zen eta arrauna utzitako jendea eta gazteagoak nahastu ditugu. Orain gauzak errazago doaz». Hala, taldearekin pozik dagoela onartu du, bide onetik doazela. «Lanean gogo handiz dabilen jendea dugu eta datozen urteei begira, jubenilek gora egingo dutenez, badaukate nora begiratu».
Edonola ere, lehenengo helburua lortu du klubak, ontzia uretaratzea, baita gehiago ere. Izan ere, azken jardunaldietan Orioko ontziarekin lehia polita izaten ari da. Hala, ehuneneko gutxiren aldearekin Gipuzkoako Ligako bosgarren jardunaldia Urkik irabazi zuen eta aurreko asteburuan, berriz, ontzi horia aurreratu zitzaion, 23 ehuneneko aldearekin. «Orain arteko estropadetan behetik gorako bidea egin dugu. Lehiakortasuna egon badago, nahiz eta ontzi batzuk orain arte gutxi aritu diren». Edonola ere, helburu nagusia Londreseko estropada dela onartu du. «Londreseko estropada da gure helburua, apirileko lehen asteburuan. Gero, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetan ere lan txukuna egiten saiatuko gara». Gainera, seniorrez gain, jubenilen ontzia ere joango da Londresera.
Arraunekoak, bigarren urtez
Arraun Lagunakeko zortzikoa Ekain Iriarteren aginduetara mugitzen ari da, iaz bezalaxe. Izan ere, lau urtez zortzikoa uretaratu gabe egon ostean, iaz errekuperatu zuen klubak eta, aurten, iazko plantilla berarekin dabil lanean. «Traineruarekin batera eramatea zaila den arren, urtero ontzia osatzea da gure asmoa», argitu du Iriartek. Entrenatzaile eta arraunlari aldi berean izateak bere zailtasunak dituela onartu du. Hala ere, urteen poderioz ohitu egin dela aitortu du. Edonola ere, orain arte zortzikoak ez du oso lan ona egin Iriarteren ustez. «Ez zaizkigu oso estropada onak atera. Probak egin ditugu arraunlariak postuz mugituz, Londreseko estropadari begira, hori baita gure helburua». Hala, Londresen iaz gustura geratu zirenez, iazko postua hobetu nahi dute. «Zaila da ontzi baten edo bestearen aurretik geratu nahi dugula esatea, baina 2.000 metroko estropadetan iaz lortutako denborak hobetu nahi ditugu».
Inguruko ontziei dagokienean, analisi propioa egin du Iriartek. «Hondarribia nahiko ongi dabil beti bezala eta Oriok maila jaitsi du talde aldaketagatik. Santiagotarrakek gora egin du eta Urki ere nahiko dezente dabil. Hala ere, Urkik guk iaz izandako arazo berdinak izango dituela pentsatzen dut, zaila baita berriro hastea. Orokorrean, iaz baino maila hobea dagoela esango nuke. Goiko maila agian pixka bat jaitsi da, baina erdi mailakoak hobeto dabiltza».
UR-KIROLAK:
-Xabier Zabala (Entrenatzailea).
-Elias Arruebarrena.
-Xabi de Diego.
-Julen Durandegi.
-Aritz Etxeberria.
-Ibai Fuente.
-Xabi Goienetxea.
-Urko Indaberea.
-Jon Sardon.
-Mikel Sudupe
DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK:
-Ekain Iriarte (Entrenatzailea)
-Xabier Agirre.
-Aitor Aranegi.
-Alberto Domingo.
-Ander Faisan.
-Ander Iñiguez
-Ander Iriarte.
-Jon Krutxaga.
-Alex Terrones.
-Ander Urtasun.
-Telmo Yurramendi.
-Nikolas Yurramendi.
-Eli Zaballa.