Amara Berrik Morlansen duen eraikina inauguratu dute
Amara Berriko umeak aurreko urteko urtarriletik ari dira Morlanseko eskola berritik gora eta behera. Inaugurazio ekitaldia, aldiz, gaur egin dute Odon Elorza alkateak eta Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak. PP udal taldeko bozeramailearentzat «adar jotzea» da eraikina ireki eta 420 egunetara inaugurazio festa egitea. Ekitaldiak hauteskunde usaina duela kritikatu du Maria Jose Usandizagak. Alkateak «zinta gutxiago moztu eta kudeaketa hobetzeko lan handiagoa» egin beharko lukeela esan du.
Azken urteetan Amara Berriko protagonista izan diren guraso eta irakasleentzat, berriz, Morlansen eskola berria eraikitzeko botatako izerdia gogora ekartzeko unea izan da. Aizpea Goenaga antzerkigilea eta egungo Etxepare institutuko zuzendaria izan da, beste zenbait lagunekin batera, Amara Berriko eskola Morlansen eraikitzeko tematu zenetako bat.
Morlanseko ingurua eraberritu eta babestutako etxebizitzaz osaturiko egitasmoa aurrera ateratzeko, Amara Berriko eskola zaharra lekualdatzea beharrezkoa zen. Ordezkoa kokatzeko leku aproposena bilatzean zegoen koxka. Urte luzez eskola batzordeko kide izan zen Aizpea Goenagak prozesu hura 1996-1997 inguruan hasi zela du gogoan. Peñafloridara joatea, Martutenera mugitzea, Aietera igotzea… Mahai gainean jarritako aukerak hamaika izan zirela kontatu du Goenagak. Eskolako ordezkariek, baina, eraikin duina nahi zuten eta «Peñafloridak baldintza hori betetzen ez» zuela aipatu du. Bestetik, eskola Erdialdean egotea lehentasuna zela azaldu du antzerkigileak, gune horretan eskola publikoaren eskaintza bermatzeko.
Behin eskola Morlansen lekua izango zuela adostuta, zein lursailetan jartzea izan zen eztabaidagai nagusia. Aukera desberdinak jorratu ostean, gas fabrika zegoen lekua erabaki zuten aukerarik aproposen. Ondorioz, eraikina altxatu aurretik kutsatutako lurrak garbitu behar izan zituzten.
Horrekin batera, hiriko ondare den gasomotorra bere lekuan mantentzea izan zen beste baldintzetako bat, eskolako arduradunek Miramonera bidaltzea proposatu zuten arren. Hala, behin Errondo pasealekuaren aurrean eskola berria eraiki zutela, gas fabrika zaharraren gasomotorraren eraikina harriz harri jartzeari ekin zioten. Egun soinketa-gela dagoen eraikinean, alde batean gasomotorra dago, eta, bestean, gimnasioa. Umeek sasoi betean egotearekin bat, garai batean kaleko argindarra non eta nola sortzen den ikusteko aukera dute.