Josean Soroa, Donostiarrak Atletismo Elkarteko presidentea (Argazkia: Estitxu Zabala)
Udaberriko IX. Lasterketa antolatuko du Donostiarrak Atletismo Taldeak, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin. Lasterketa martxoaren 20an jokatuko dute, 10:00etatik aurrera, hiriko kaleetan barrena. Hilabete eskasean bete dute partaidetza kopurua eta datorren urtean beste 200 lagunentzako tokia egin nahi dute. Josean Soroa (1966, Donostia) Donostiarrakeko presidentea da eta klubaren eta lasterketaren inguruko xehetasunak eman dizkio
Irutxuloko Hitzari.
Nola azalduko zenioke ezagutzen ez duenari zer den Udaberriko Lasterketa?Korrikalariek antolatzen dugun korrikalarientzako lasterketa bat da. Garrantzia handia ematen diogu partaideek gustura korrika egiteko segurtasuna bermatua egoteari eta hornidura postuak onak izateari, baita opariak egoteari ere.
Aspaldikoa da Donostiarrak kluba?
20 urte inguru dira laguntalde bat elkartzen hasi zela korrika egiteko, baina horietako gehienek ez dute taldean jarraitzen. Klub bezala funtzionatzen, ordea, bederatzi urte daramatzagu.
Lasterketak adina urte ditu orduan klubak. Nola sortu zitzaizun Udaberriko lasterketa sortzearen ideia?
Kanpoan lasterketa askotan parte hartzen dugu eta antolakuntzak nolako esfortzua eskatzen duen ikusten dugu. Gure aldetik ere zerbait jarri nahi izan genuen, egutegian guk ere tokia izateko. Gainera, zortea izan genuen, Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremana genuelako eta beraiek aurretik beste lasterketa bat antolatzen zuten, beste data batean. Azkenean, beraientzako ere erosoagoa zen guk antolatzen laguntzea eta adostasunera iritsi ginen. Horrela, gure lasterketa euren probarekin bateratu genuen.
Herri lasterketen artean tokia egin duela diozue. Zertan nabaritzen duzue?
Ni, mundu guztia bezala, nire kontutik hasi nintzen korrika, lehenengo bakarrik eta gero jendearekin elkartzen hasi nintzen, klubean sartu nintzen arte. Hala ere, klubean sartu aurretik, korrika egiteko gehien animatu ninduena izan zen ongien antolatutako lasterketa hauxe zela jakitea. Bestetik, korrikalarien eskerrak jasotzen ditugu, bai aurrez aurre bai webgunearen bidez ere. Partaideak oso gustura geratzen dira eta goxotasun handia jasotzen dugu beraien aldetik. Konpontzeko gauza gutxi egoten dira.
Partaidetza zabaldu egin duzue korrikalari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.
Orain arte, ‘10.000 metrotako lasterketa 1.000 korrikalarirentzako’ zen gure lema, baina parte hartu nahi zuten asko kanpoan geratzen ziren. Orduan, urtez urte muga igotzen saiatuko gara eta iaz 200 gehiagorentzako ireki genuen bezala, aurten beste 200era igo dugu. Beraz, 1.400 partaide izango ditu aurtengoak eta datorren urterako berriro igotzen saiatuko gara.
1 zenbakidun dortsal sinbolikoak banatzen dituzue urtero, omenaldi moduan. Aurten Mikel Erentxun abeslariarentzat eta Oiana Blanco judokarentzat izan dira. Zergatik?
Normalean atletismo edo kirolarekin lotura duten pertsona ezagunak omentzen ditugu. Urtero izen batzuk aipatzen ditugu eta gero bozkaketa txiki bat egiten dugu. Aurten horrela atera da. Beraiek ere agendan tokia izan behar dute eta aurten zortea izan dugu biekin. Oiana Munduko Txapelketan bigarrena izan zen eta Mikelek gure modura egiten du korrika, herritar moduan, ez baita horregatik ezaguna egin, musikagatik baizik.
Iaztik 0 dortsala ere banatzen duzue, elkartasunari tokia eginez.
Azkenean, hau lan sozial bat da, gizarteari zerbait emateko modua. Beraz, iaz ekonomikoki ongi ibili ginenez, lortutakoaren zati bat Gobernuz Kanpoko Erakunde bati eskaintzea erabaki genuen. Hala, iaz EtiopiaUtopiari eman genion eta, aurten, Angel Olaran misiolariari. Beraz, lasterketa bukatzean txekea banatuko dugu.
Nolakoa da Donostiarrak kluba?
190 korrikalarik osatzen dugu kluba eta oso talde heterogeneoa da, adin eta lanbide guztietakoak baikaude. Azkenean, korrika egitera bakarrik joatea oso aspergarria da; elkartea ordutegiak elkartu eta taldean joateko sortu zen. Asteburuetan normalean 60 lagun inguru biltzen gara. Goizeko zortzietan irteten gara Tenis Elkartetik eta ordubeteko saioa egiten dugu. Hori da gure jardunaldi nagusia, baina urtean zehar hainbat lasterketetan parte hartzen dugu. Gehienak maratoi zaleak gara eta Donostikoan eta nazioartekoetan parte hartzen dugu; Roma, Bartzelona, New York, Chicago, Praga… denetarik