Urdaneta eta garaiko itsasgintza dira erakusketaren gune baten ardatzak (Argazkia: Mikel Goñi)
Atzera kontua hasi da Untzi Museoko Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez izeneko erakusketarentzat. Igandera arte ikusi ahal izango da bi urte baino gehiagoz Kaiko museoa edukiz bete duen erakusgaien bilduma. Bere arduradunek nahi duenarentzat ireki dituzte ateak, sarrera txartela doakoa izango dela.
Museoaren zuzendari Soko Romanok penaz esango dio agur «oso ona» eta arrakastatsua izan den erakusketari. Bildumak Ozeano Barean izandako euskal presentziaren historiaren ikuspegi zabala jasotzen du. Hain zuzen ere, azken bost mendeetan etengabea izan baita harreman hori.
Erakusketaren izenburuan Andres Urdaneta itsasgizona nabarmendu dute, izan ere, bera baita Euskal Herria eta Urruneko Ekialdearen arteko harremanaren erakusleetako bat; berak, aurkitu baitzituen Itzulera-bidaia izeneko itsas ibilbidea egiteko haize korronte egokiak. Bestalde, Euskaldunak eta Pazifikoak Urdanetaren jaiotzaren bosgarren mendeurrenean ireki zituen ateak, hain zuzen 2008ko abenduan.
Enbaxadorea eta pitxerra
Duela urtebete ixtekoa zen erakusketa; baina, Romanoren esanetan, «oso ondo funtzionatzen ari zen» eta beste urtebetez luzatzea erabaki zuten. Bildumaren arduradunek oso erakusketa bizia izan dela gogoratu dute, «denetarik izan da; besteak beste, Filipinen enbaxadorea, pilotariak eta beste asko».
Ikusgai dauden piezen artean asko dira aipatzekoak; baina, zerrenda laburra egitearren, Zuloagak Elkanori buruz egindako koadroa, edota XVII. mendeko Japoneko zeramikazko pitxerra aukera zitezkeen, hainbat tokitatik iritsitako liburu, argazki edota ontzien erreplikekin batera.
Euskaldunak eta Pazifikoak baleen eta baleazaleen inguruko erakusketari utziko dio tartea. Arrantza horri emandako bildumak Aste Santurako ateak irekitzea espero dute bere arduradunek. Baina, hori baino lehenago, kanela Ekialdetik ekarri edota pilota Filipinetara eraman duen harremana gaur goizekoa ez dela gogorarazteko, Untzi Museora igandea arte ahalik eta jende gehiena gerturatzea nahi dute.