Bizikleta utziak (Argazkia: Mikel Goñi)
Bizikleta aparkatzera joan, eta berariaz prestaturiko lekuetan tarterik ez dagoela ikustea arrunta da hirian pedalkadaka dabiltzanentzat. Gune horietako askotan utzitako ibilgailuak izaten dira herdoilak eta mugitzeko agindu itsatsiek erakusten duten bezala.
Bizikleta aparkatu eta ahaztu egiten zaizkien pertsonak egon badaudela diote Erdialdean dabiltzan udaltzainek. Parrandaren ondoren, bati baino gehiagori ahaztu egiten zaie bizikleta non utzi duten. Hori gertatuta, denborak eta atari zabalean egoteak egiten dute gainontzekoa.
Mugitzen ez diren ibilgailuak Udalaren Mugikortasun sailaren aginduz erretiratzen dituzte. Hala ere, saileko teknikariek azaldutakoaren arabera, «ez da berehalako erabakia». Izan ere, prozesu luzearen emaitzak baitira eramatearen erabakia eta ekintza.
Mugikortasun saileko teknikariek ustez utzitako bizikleta bat aurkitzean, jarraipena egiten dute denboran, ez delako erraza izaten jakitea ibilgailuak zenbat denbora eman duen toki berean. «Ez da nahikoa gurpila zulatua izatea, edota katea herdoilak janda egotea», adierazi dute aipatutako saileko kideek.
Bizikleta utzita dagoela erabaki ondoren, teknikariok pegatina jartzen diote ibilgailuari, bere jabeak bi asteko epean bertatik eraman dezan. Gomendioa jarraitu ezean, udal langileek FCC enpresari ematen diote utzitakoa eramateko agindua.
Atzera bueltarik ez duen erabakia izaten da; eramandako bizikletak egoera txarrean egon ohi direnez, FCCk eraman ondoren, birziklatze prozesuan sartzen direlako.
Malgua… baino ez gehiegi
Azkarragoa izaten da debekaturiko tokietan lotutako bizikleten kasua. Udaltzainek diotenez, «udal araudiak ez du onartzen zuhaitz, farola eta abarrekoetan bizikleta kateatzea». Hala ere, ez da arraroa izaten hiri-altzarietan lotuta ikustea; izan ere, ibilgailu hauen ugaltzea lotzeko tokiena baino azkarragoa izaten ari baita, eta ondorioz agintariek malgu jokatzen dute.
Hala eta guztiz ere, kaleko udaltzainek azaldu dutenez, aste honetan jaso dute, farola eta abarrekoetara lotuta, eta utzita, egotearen itxura duten bizikletak igartzeko, ondoren FCC-k eraman ditzan.
Bizikletaren jabeak, beraz, badu ibilgailua gorde, zaindu eta kalean uztekotan, kasu egiteko ardura. Eta manilarrean txartela itsatsita aurkitzekotan, bi asteko epean mugitzeko beharra.