Arkitektura proiektuak aldaketa «arinak» izango ditu
Plan berriak hasierako programa bera du oinarrian, 'Hiru lerroan'. Aurreikusi bezala, eraikinaren gainean beirazko prisma eraikiko dute, eta ohiko sarreraz gain -Mandasko Dukearen kalekoa-, beste bi izango ditu. Bata, Atotxako lurpeko pasabidetik; eta bestea, atzekaldetik, trenbidearen aldetik. Eta arkitektoen hasierako ideiak ere aurrera egingo du. Egiako parkea, Tabakalera eta Erdialdea lotuko baititu proiektuak. Trenbidearen gainean eraikiko duten plataforma berriaren bitartez etorkizuneko Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroa hiriarekin lotuko dute.
Plan berriak hasierako programa bera du oinarrian, ‘Hiru lerroan’. Aurreikusi bezala, eraikinaren gainean beirazko prisma eraikiko dute, eta ohiko sarreraz gain -Mandasko Dukearen kalekoa-, beste bi izango ditu. Bata, Atotxako lurpeko pasabidetik; eta bestea, atzekaldetik, trenbidearen aldetik. Eta arkitektoen hasierako ideiak ere aurrera egingo du. Egiako parkea, Tabakalera eta Erdialdea lotuko baititu proiektuak. Trenbidearen gainean eraikiko duten plataforma berriaren bitartez etorkizuneko Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroa hiriarekin lotuko dute.
Tabakalera eta AHTaren geltokiaren arteko harremana hurrengo hilabeteotan definituko dute, Adifek abian jarriko duen ideia leihaketa amaitu ondoren. Montero geltokia lurrazpian egitearen alde agertu da, baina gainean eginda ere, «arkitektura gardenaren bidez» konpondu egingo dutela esan du.
Hiru sarbideak, lotuta Jon Monteroren ustez, proiektuak aldaketa «arinak» izan ditu, baina «ezaugarri garrantzitsuenak» mantendu egin dira: «Eduki arkitektoniko ia guztiak mantenduko ditu, baina iaz egindako egokitze planaren ondorioz aldaketa batzuk izango ditu». Tabakaleraren kanpoko fatxada bere horretan mantenduko dute, baita erakusketak prestatu ahal izateko diseinatu dituzten nabe perimetralak, eta sarrerako eskailera nagusia ere bai: «Garrantzitsua da eskailera mantentzea. Kutsu inperiala eta industriala du aldi berean», adierazi du Monterok. Tabakalerako erlojua ere ez dute kenduko: «Erlojua eta karilloia oso esanguratsua da egiatarrentzat», gaineratu du arkitektoak.
Miriam Anitua gerenteak Atotxako lurpeko pasabidea «hiriko puntu beltzetako bat» izan da, hogei metro zabalerako kale zabal bihurtuko dela azaldu du. Bestalde, fatxada nagusiaren pareko burdin hesia desagertu egingo da, eta erabat irekia izango da Tabakalera. Hiru sarrerak lotuta izango dira, hiritarrentzat zabalik egongo den kale batek zeharkatuko ditu eta.
70 milioi euroko aurrekontua izango du proiektu berriak, aurreikusitakoa baino 5 milioi gutxiago. Egokitze prozesuaren ondorioz zenbait espazio murriztu eta optimizatu egin dira. Hainbat gune oraindik zehaztu gabe dauden zerbitzuak eskaintzeko erabiliko dituzte. 450 pertsonentzako zinema aretoa aurreikusi bezala egingo dute. Auditorioa, ordea, desagertu egingo da. Berritze arkitektonikorako proiektuak honela banatuko ditu espazioak. Sotoan, patio batean, sarrera nagusia egingo dute. Gune komertzialak, kafetegia… Biltegia eta platoa ere bertan egingo dituzte. Beheko solairuan erakusketa aretoak egongo dira. Lehen solairua, berriz, mediatekak hartuko du ia osorik.
Bigarren solairuan bulegoak jarriko dituzte. Tabakalerarena bera, Euskadiko Filmategiarena, eta Etxepare Institutuarena. Beste hainbat erakunderenak ere, ziurrenik. Hirugarren solairuan, produkzio guneak, laborategiak eta sortzaileentzako espazioak egingo dituzte. Eraikinaren gainaldean beirazko prisma eraikiko dute. Hiriaren behatoki berria izango da. Jatetxea egongo da bertan, eta hiritarrentzako zabalik egongo den gune bat hartuko du.
Eraiste eta desegite fasea apirilaren 14an hasiko da eta irailean bukatuko da. Orduan hasiko da obra zibila, garrantzitsuena. Hogei edo hogeita bi hilabetez luzatuko da. Lanak 2014rako amaitzea aurreikusi dute eta Tabakalera 2015ean inauguratzea.