Lan Behatokiaren datuen arabera, hiriko langabeen kopuruak 10.000ko muga gainditu du otsailean
Urteak ziren langabeziaren datuak horren txarrak ez zirela. Otsailean, 10.000ko datua gainditu du hiriko langabeziak, Espainiako Enplegu Publiko Zerbitzuaren Lan Behatokiak ezagutarazitako zenbaketaren arabera, 10.109 baitira lan bila dabiltzan donostiarrak. Zehazki, 1996a arte atzera egin behar da otsail honetakoa gainditzen duen zifra aurkitzeko. Orduan 10.351 lagunek osatutako zerrendak itxi zuen urtea. Zenbateko altua izanik ere, aurrekoak hobetzen zituen eta urtetan luzatu zen joera positiboaren hasiera izan zen.
Urtetik urtera lan bila zebiltzanen kopurua murrizten joan zen 2006a arte, 2003a salbu. Koska handiena 1998tik 1999ra eginez, 1.142 lagunek lana aurkitu ondoren. Gorakada itzuli bazen ere, 2007an datua positiboa izan zen. Urte hartan, 5.884 donostiar lan gabe zeuden, ordutik aurrera, zenbatu direnetatik urruti. Izan ere, 2007ko abenduaren 31tik otsailaren 28ra bitartean, 4.225 lagun gehiago baitaude zerrendetan. Hau da, %71,80a hazi da. Datu horien argitan, emakumeak izan dira kaltetuenak. Lehendik ere langabeen gehiengo baziren, lanik gabe gelditu direnen artean ere nagusi baitira.
Hilabetez hilabete gauzatzen joan den igoera da. Urtarriletik hona, esaterako, 216 donostiar gehiago daude lan gabe; iazko datuekin alderatuta, %3,5 hazi da langabezia azken 12 hilabeteetan. Hiriko langabezia tasa, beraz, biztanleria aktiboaren –lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna duten 16 eta 65 urte arteko lagunak– 10,6% da.
Industria ere kaskar
Sektoreka, alor guztietan hazi egin da langabe kopurua azken asteetan. Industriaren beheranzko joera gelditu da otsailean, aurreko hilabeteetan ez bezala, 24 lagunek lana galdu baitute alor honetan. Norakoaren aldaketak, 1.003 langabera igo du industriako langabeziaren kopurua. Igoera handiena, ohi bezala, hirugarren sektoreak jasan du; lana galdu dutenen gehienak zerbitzuetan baitabiltza bila, 216 langunetatik 167, hain zuzen ere. Aurretik lanik ez zuten 13 donostiar batu dira zerrendetara, eraikuntzako 5ekin eta lehen sektoreko 7ekin batera.
Egoera txarra bada ere, Donostia Sustapenaren Hiri Behatokiaren datuen arabera; iazkoekin alderatuta, kontratazioak %1,2 hazi dira aurtengo otsailean. 6.055 kontratu sinatu dira, urtarrilean baino 592 gutxiago. Horien %4 mugagabea da, %93 aldi baterako eta %2,5 mugagabe bihurtu dituzte. Kontratuen %57a emakumeei egin bazaizkie ere, hiriko langabeak emakumeak dira, nagusiki: 5.288 emakumezko, 4.821 gizonezkoen aldean.
Adinari dagokionez, aldaketa gutxi. 25 eta 44 urte arteko langabeek gehiengo izaten jarraitzen dute, 45 urtetik gorakoen taldea gero eta handiagoa den arren. Jada, %44,5 da.
Auzo bakarra, hobera
Auzoz auzoko kopuruei erreparatuz gero, urtarriletik otsailera egoera ez da gehiegi aldatu. Altza, Amara Berri, Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo eta Intxaurrondo dira zerrenda beltzean lehenak. Hurrenez hurren, 1.576, 1.157, 1.138 eta 1.077 langabe daude gune horietan. Halaber, aipatutako auzoetakoak dira ilaretara gehitu direnen gehienak. Otsailean hobetu den bakarra Loiola-Martutene-Amara Osinaga izan da, urtarrilean baino bi langabe gutxiago baitaude. Hala ere, beste 765 lagun eginbeharraren bila dabiltza, oraindik ere.