Eli Pinedo bere aurkezpenaren egunean (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bera Berarekin egin zuen debuta 2001-2002 denboraldian eta azken zazpi urteetan hainbat taldetan egon ostean, etxera itzuli da. Beraz, berriro ere Bera Bera Eskubaloiko jokalaria izango da Eli Pinedo (Amurrio, 1981). Izan ere, uztailaren 1ean indarrrean sartuko den urtebeterako kontratua sinatu berri du jokalariak Donostiako taldearekin. Zehazki, ostiralean sinatu zuten kontratua Amurriokoak eta oso pozik agertu zen prentsa aurrean. “Joan nintzenetik itzultzea nuen beti buruan”, adierazi zuen irribarra ahoan zuela. Amaia Ramirez, Bera Bera Eskubaloiko arduradunak, berriz, Pinedo bezalako jokalari bat taldean izatea “luxua” dela gehitu zuen. Pinedorekin hitz egin zuen
Irutxuloko Hitzak, bere bizipenen inguruan.
Zein oroitzapen gordetzen duzu Bera Berako hastapenetatik?
Oroitzapen asko gordetzen ditut, bost denboraldi egin bainituen hemen, 18 urterekin hasita. Gauza asko egin genituen Reyes Karrererekin, onak gehienak eta niretzako itzultzea primerakoa da. Oso pozik nago.
Bera Beratik joan zinenetik, hainbat taldetan egon zara; Ribarroja, Sagunto, Itxako. Zer jaso duzu talde bakoitzetik?
Hainbat taldetan egoteak jokatzeko era desberdinak ikasteko aukera eman dit. Sagunton, adibidez, Cristina Mayorekin entrenatzeko aukera izan nuen. Eskubaloi desberdina probatu nuen, azkarragoa, baina bazuen antza Bera Berakoarekin.
Itxakon zure ahizparekin, Patrirekin, jokatzeko aukera izan zenuen. Berezia izango zen, ezta?
Bai, oso berezia. Gainera, biek genuen gogoa elkarrekin jokatzeko.
Azken denboraldia Danimarkan egin duzu. Nolakoa izan da esperientzia hori?
Oso desberdin bizi dute eta emakumeen eskubaloia oso profesionalizatua dago. Hala ere, orain krisi ekonomikoan daude, baina oso esperientzia ona izan da arlo guztietan; hizkuntzagatik, jokoagatik… oso jokalari onak ezagutu ditut eta esperientzia izugarria izan da egia esan.
Etxera itzuli zara, baina zuk taldea utzi zenuenetik aldaketa asko egon dira. Zer espero duzu?
Denetarik espero dut, baina dena ona, ziur. Jokalari batzuk ezagutzen ditut, beraiekin jokatu nuelako duela zazpi urte edota Bea Fernandezen kasuan, esaterako, selekzioan elkarrekin aritu garelako. Reyes Karrere eta Tati Garmendia ere oso ongi ezagutzen ditut. Beraz, itzulera polita izango dela uste dut.
Zer moduz ikusten duzu taldea orain?
Ondo, ondo. Nik uste dut oraindik urrunago irits daitezkeela, zergatik ez, saiatuko gara. Ligan Itxakok du maila garaiena, baina borrokatu daiteke.
Zein helbururekin itzuli zara Donostiara?
Helburua ez dakit, ez dut mugarik jarri nahi. Ligan eta Kopan ere borrokatu behar dugu, baita Europan ere. Nire nahia gozatzea da eta eskubaloian ongi jokatzea, hori da gustatzen zaidana eta hori da egiten dakidana.