Odon Elorza alkateak, PSE-EEko Denis Itxaso, Susana Garcia Chueca eta Enrique Ramos zinegotziekin batera, agintaldiko balantzea egin du. Krisi ekonomikoak hiria ez duela geldiarazi nabarmendu du alkateak eta kudeaketa «positiboa» izan dela baieztatu du. Hala ere, bere buruari ez dio notarik jarri; eginkizun hori herritarrei dagokiola dio. Herritarrek, hain zuzen, agintaldiko balantzea laburbiltzen duen liburuxka jasoko dute datozen egunetan beren postontzietan.
Lau urteotan azaleratu diren gorabeherei irtenbidea bilatu dietela azpimarratu du Elorzak, halaber. Besteak beste, legez kanpoko egoeran zegoen Illunbeko aisi-gunea, Arcco merkatal gunea, udal eraikinen garbiketa kontratua edota Monpaseko pasabidea aipatu ditu. Illunbeko egoera bere onera ekarri ostean, etekin ekonomikoa jasotzeko urte batzuk itxaron beharko direla zehaztu du. Arccon, berriz, kudeatzaile berria topatzeko lehiaketa abian jarriko dutela eta udal eraikinak garbituko dituzten enpresak dagoeneko aukeratu dituztela azaldu du. Monpaseko pasabideak, era berean, ingurumen galbahe guztiak igaro dituela eta lanak 2012an ekiteko moduan egongo direla adierazi du.
Urte luzez ez aurrera ez atzera dabilen autobus geltokiko proiektuak paperezko egitasmo izateari utziko diola iragarri du Elorzak, ostiralean aukeratuko baitute azpiegitura eraiki eta kudeatuko duen enpresa.
Eusko Jaurlaritzarekin batera aurki sinatuko duten hitzarmenaren bitartez, Udalak eta Lanbidek lanpostu berriak sortzeko bitartekoak zabalduko dituztela aditzera eman du, era berean.
Agintaldiko balantzea egitearekin batera, Ser- Radio San Sebastian irrati kateak gonbidatuta, hainbat herritarren zalantzak argitu ditu alkateak. Etxebizitza, mugikortasun arazoak ala dendarik gabe geratzen ari diren auzo eta kale nagusien kezka izan dira alkateari plazaratutako gaietako batzuk.
Irratsaio berean, Irutxuloko Hitzak beste komunikabide batzuetako lankide batzuekin batera, agintaldiaren inguruko gogoetan parte hartu du.