TAOa enpresa guneetara zabaltzeko erabakiak azterketen zain jarraituko du
Enpresa guneetan aparkalekua ordenatzeko araudia aldatzeko mozioa ezerezean geratu da, Odon Elorza alkatearen kalitatezko botoari esker. Agintaldi honetan Udal Gobernuak osatu duen gehiengoak –Ainhoa Beola Aralarreko ordezkariaren abstentzioaren ondorioz– kale egin baitu oraingoan. TAOa Igara, Zuatzu eta Miramonen ezartzeko erabakia, honenbestez, ezohiko udalbatzarra antolatu aurreko egoeran segituko du. Hau da, ezartzea beharrezkoa den ala ez aditzera emango duten azterketen zain.
Hauteskunde kutsu eta komunikazio falta artean ibili da oposizioko ordezkari eta Mugikortasun zinegotziaren arteko ika-mika. PPko bozeramailea izan da bilkuran hitza hartzen lehenengoa. Maria Jose Usandizagak adierazitakoaren arabera, udal bando bat aurkeztea TAO enpresa guneetara zabaltzeko erabakia alboratzeko ez da nahikoa. «Iritzi publikoa manipulatu» nahi izatea leporatu dio Elorzari, eta azterketen aitzakia hilabeteak aurrera egin eta hauteskunde garaian «herritarrentzat gustukoa ez den erabakiari» heltzeko jarrera dela azaldu du.
Maravi Dafauce Mugikortasun zinegotziak, bien bitartean, oposizioaren kritikei entzungor egin die eta «komunikatzeko gaitasun urriari» egotzi dio oposizioaren eta Udal Gobernuaren arteko desadostasunaren arrazoi. Azterketak TAOa ezartzeko prozesuaren baitan doazela eta aparkalekuak ordenatzea beharrezkoa non izango den jakinaraziko dutela esan du.