Altzatarron eguna gogora ekartzeko haltza landatu dute. (Argazkia: Mikel Goñi).
Altza Garak batzarrera deitu ditu asteburu honetan inguruko biztanle guztiak, Altzatarron Eguna ospatzeko asmotan. Herri izaera gogoratu eta «izaten jarraitzeko» gogoa erakutsi dute gonbiteari erantzun dioten hamarnaka lagunek. Herri kirolek, haltzaren landatzeak, musikaz, bertsoz eta hitzez beteriko ekimen batek eta herri bazkariak osatu dute ospakizunaren egitaraua.
Besteren artean, Bidebieta, Intxaurrondo, Larratxo edota Oletako jendeak eman du igandea San Martzial plazaren inguruan, Altzatarron Egunean. Altza udalerria zeneko garaiak gogoratzera bildu dira, garai horietan Altzakotzat jotzen ziren bazter horietatik etorritakoak.
Herri kirolek eman diote hasiera igandeko egitarauari. Baina, bertara bildutakoek ezin izan dute ikusi eguneko Donostia eta Altza parez pare jarri behar zituen sokatira saioa. «Donostiako talderik ez delako azaldu», adierazi dute antolatzaileek, broma artean, gonbidapena bidali zitzaien oso ondo gogoratzen ez dutela.
Altzatarron Egunak, bestalde, biztanle berri bat utzi du Plaza Gorrian. Hain zuzen ere, egun hau gogorarazteko haltza landatu baitute aurreskuaren doinuak jo ahala.
Izaten jarraitzeko gogoa
Askok bertatik bertara bizi izan duten arren, beste askorentzat Altzaren historiaren berri jasotzeko aukera izan da Altzatarron Eguna. «Batzarrerako» deiari kasu egin diotenak udalerria izandakoaren udaletxearen parean bildu dira, antzerkitik zein ipuin kontaketatik pika bana izan duen ekitaldia gozatzeko. .
Ekitaldiak mendeetako historia laburbildu du ordu erdi inguruan. Azkeneko mendeari berebiziko arreta eman dio, tarte honetan gertatu baitira aldaketarik nabarmenenak. Besteak beste, frankismo garaiko Donostiarako anexioa edota epe horretako hirigintza prozesu «basatiarena».
Aldaketak aldaketa, asteburu honetako ekimenak argi utzi du altzatarrek «Altza gara…» esateaz gain, «…eta izaten jarraitu nahi dugu», gehitzen dutela.
-
-
Altzatarron eguna gogora ekartzeko haltza landatu dute. (Argazkia: Mikel Goñi).
-
-
-
-
-
-