Espainiako Lehen Mailan jokatzen duen Fortunako boleibol taldeko kideak (Argazkia: Estitxu Zabala)
Espainiako Lehen Mailan jokatzen du Fortunako gorengo senior taldeak, 2007an igoera lortu zuenetik. Urtez urte maila hori mantentzea izan da taldearen helburua eta aurten ere euren nahia bete dute. Denboraldi hasieran Irutxuloko Hitzak Mikel Gay taldeko entrenatzailearekin hitz egin zuen eta Liga gogorra aurreikusten zuela onartu zuen. “Aurten, ziur aski, iazkoa baino plantilla eskasagoa daukagu eta gaizki pasako dugu”, aipatu zuen Gayk. Inauteriekin batera bukatu zuen Liga Fortunak. Etxean jokatu zuen azken partida eta, galdu egin zuen arren, mantentzea lortu zuen. Amaia Balerdi hernaniarra da taldeko kapitaina eta denboraldiaren balantzea egin du egunkari honentzat.
“Denek aipatu dugu bukaera oso gogorra egin zaigula. Lesio pila bat izan ditugu, autobus bidaiak oso luzeak izan dira eta jokalari faltan ibili gara”, aipatu du Balerdik. Edonola ere, lehen Mailan jarraitzeaz pozik daudela onartu du. “Gustura gaude, helburua lortu dugulako, mantentzea. Baina, azkeneko jardunaldian erabaki zenez, azken unera arte urduri ibili ginen”.
Edonola ere, aurreko urteetako esperientziaren poderioz, bazekiten ez zituztela gauzak erraz izango. “Liga hasieran baja asko izan genituen, jokalari beteranoek taldea utzi zutelako. Beraz, espero genuen gazteetatik tira egin beharko genuela, kadeteak, jubenilak… egia esan, eskertzekoa izan da beraien laguntza”. Gauzak hala, denboraldiko zailtasunik handiena zein izan den argi dauka Balerdik. “Jende falta eta lesioak gaizki eraman ditugu. Jokalari titularrek lesioak izan dituzte eta ezin izan dute beraien %100 eman. Horrek emaitzetan eragina izan du”. Bestetik, denborarekin gainditzea lortu duten beste oztopo bat ere izan dute, baloi aldaketa. “Batez ere Liga hasieran aldaketa nabaritu genuen, baina entrenatu ahala ohitu egin ginen”.
Lehen Mailako Liga, boleibol afizionatuko azken koska da, ondorengo bi Ligak, Superliga B eta Superliga, profesionalak baitira. Horrek taldeen mailan eragina duela aipatu du Balerdik. “Oso indartsu egon dira. Oso jokalari garaiak dituzte eta kosta egiten da halako blokeoei aurre egitea. Gainera, taldeak 12 jokalariz osatutakoak ziren eta atzerritarrak zituzten. Gu, berriz, zortzi edota sei jokalarirekin bakarrik egon gara partida askotan”. Arlo horretan, fitxaketa garrantzitsuak egiten dituzten taldeak ere badirela aipatu du. “Jokalari profesionalez betetako talderen bat badago eta jokalari batzuk kobratzen dutela ere esan digute. Sailkapenaren goikaldean geratu diren taldeek lana egin nahi dutela uste dut, helburutzat maila igotzea hartuta. Baina orokorrean, boleibola gustatzen zaion jende normala ikus daiteke”.
Harrobia landu beharra
Datorren urteari begira ere, aurten bezala, beharrezkotzat jotzen du Balerdik harrobiko jokalarien laguntza, oso rol garrantzitsua bete baitute. “Jokalari gazteen beharra izango dugu datorren urtean ere, baita boleibola gustuko duen eta lana egin nahi duen jendearena ere. Liga honek denbora eskatzen du, bidaiak oso gogorrak direlako eta asteburuak galtzen dira kanpoko partidetara joatean. Beraz, plantilla txikiak asko mugatzen zaitu eta geroz eta jende gehiagorekin hobeto moldatuko gara”.
Pistako denboraldia bukatu bada ere, taldeko jokalarietako batzuk lanean jarraitzeko asmoa dute, aurreko urteetan bezala. Hala, hondartza boleibolean ere jokatzeko asmoa dute. “Udarari begira, hondartza boleibolerako entrenatzen hasiko gara, baina iaz baino lasaiago hartzeko asmoa dugu. Torneoren batean parte hartuko dugu, baina ez iaz bezain gogor, astebururo jokatu baikenuen txapelketaren bat eta azkenerako nekagarria egin zitzaigun”.