Ur isuriak kontrolatzeko sistemak bi milioi euro aurreztu ditu
Duela lau urte ura garraiatzen duten hodiak kontrolatzeko inbertsio handia egin zuten. Laurehun kilometrotik gora duen ubide sareko zati desberdinetan neurgailuak jarri zituzten, eta horren bidez, ur isuriak non diren lehenbailehen atzemateko aukera dute egun. 2007an ezarri zuten kontrol sistema horren bitartez, lau urtetan 3.617.233 metro kubiko ur aurreztea lortu dute. Bi milioi euro, dirutan.
Esanguratsua da, era berean, 2009an eta 2010an kontsumitu gabeko ur kantitatea, bi milioi metro kubikotik gora izan baitzen. Alegia, urte osoan 27.430 lagunek behar duten ura.
Iaz arakatu zituzten 440 kilometro ur hodietatik 157 itogin topatu zituzten, 2009an baino %9 gutxiago.
Isuriak atzemateko ordurik aproposena goizaldeko 3:00etatik 4:30era dela azaldu du Alberto Rodriguez Hiri Mantenu zinegotziak, orduan apenas irekitzen direlako iturriak. Hala, ordu horietan hodiren batetik ura etengabe dabilela ikusiz gero, matxura oso urruti ez dabilela atzeman dezakete. Matxura horiek esanguratsuak ez badira, egun gutxitan konpontzeko aukera dute. Beste zenbaitetan, aldiz, zartadak oso txikiak dira, itoginera iristea zaila da edota sarea konpontzeko proiektu potoloagoa behar da. Ondorioz, iaz zenbatu zituzten 157etatik 148 konpondu zituzten.