Urtetan bildutako altxorra, aske
Erabakiak, gutunak, deialdiak… era askotako idatziak itzuli behar izaten dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari eta itzultzaileek. Azken bi hamarkadetan egindako lan mardula biltzen duten 27.000 dokumentu batu dituzte azken bost urteetan, eta horiek, sarean eskuragarri daude atzotik, http://www.gipuzkoa.net/imemoriak gunean.Guztira, 520.000 bat itzulpen segmentu edo esaldi, Creative Commons-en Aitortu baimenaz babesturik. Honek webguneko edukiak kopiatu, banatu, jendaurrean hedatu edo horietatik abiatuta eduki eratorriak egiteko askatasuna ematen du, betiere, jatorria aipatuta.
Itzultzaileentzat tresna baliotsua izateaz gain, euskararen normalkuntzarako urrats berria dela nabarmendu zuen aurkezpenean Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatuak. «Urtetan bildutako altxorra eta daukagun jakintza, diru publiko bidez egindakoa, gizarteari itzultzen diogu. Urrats garrantzitsua da guretzako eta besteentzako». Itzulpen gehienak, %90 inguru, gaztelania eta euskararen artean egindakoak izan arren, frantsesetik, ingelesetik, katalanetik, alemanieratik edo latinetik egindakok ere badaude. Gaiak askotarikoak dira, dokumentu motak bezalaxe, eta Aldundiaren sailekin bat egiten dute. Atzo abian jarritakoa ez da emaitza, abiaputuntua baizik. Datu basea etengabe eguneratuko dute, dokumentu esanguratsu guztiak bertan sartuz. «Ez da fitxategi itxia, sistemaren bitarteaz eguneratzen eta osatzen joango da», argitu zuen Aranburuk.
«Ereduzko prosa»
Datu basean oinarritutako aplikazioa UZEI erakundearekin lankidetzat prestatu dute eta bi erabilera eskaintzen ditu. Batetik, kontsulta; eta bestetik, itzulpen memoria fitxategiak sortzea. Bilaketak, terminoak aurkitzen ditu itzulpen segmentuetan, eta ondoan, euskarazko ordaina erakusten du. Horrez gain, testuinguruan ikusteko aukera dago, dokumentua osotasunean eskuragarri baitago. Fitxategiei dagokienez, aldiz, alorra, dokumentu mota eta data zehaztuta lortutako emaitzak biltzen ditu itzulpen laguntzarako Wordfast, Trados edo antzeko programekin lan egiteko.
Herritar guztien eskura jarri badute ere, dokumentu bilduma udaletako eta herri erakundeetako itzultzaileeot nahiz teknikariei baliagarri izango zaiela uste dute arduradunek. «Itzulpen memoriak gure lan tresnak dira, sorburuko testua, itzultzailearen ordaina eta metainformazioa –data, saila…– dutenak. Antzekotasun muga batetik beherako emaitzarik ez du ematen, eta batek itzuli duena %50etik gora berdina bada, ez da berriro itzuli behar. Denbora aurrezten da eta erakunde publikoetan, hori, dirua ere aurreztea da», aipatu zuen Euskararen Udal Patronatuko teknikari Carlos Del Olmok.
Euskara normalizatzeko baliabide gisa bilatzaileak duen garrantzia ere nabarmendu zuen Del Olmok. Teknikariaren hitzetan, euskaraz lan egiteko trebatzen ari direnek hiztegiak erabili baino, hizkuntza eskakizunei dagokienez maila handiagoa dutenen irtenbideak kontsultatzen baitituzte. Administrazio eremuko hizkuntza ezagutu nahi dutentzat, beraz, oso erabilgarritzat jo zuen. «Ereduzko prosa administratiboa hor dago, 30 bat lagunek bere onena eman dute hori itzultzeko».
Datu guztiak, babestuta
Dokumentu publikoekin osatutako datu basea izanik, datu pertsonalak babestea izan da erronka nagusia tresna sortzean. Horretarako, UZEIko zuzendari Imanol Urbietak azaldu zuenez gaztelania lematizatzaile on bat garatu behar izan zuten. Horren bidez, izenak A hizkiarekin ordezkatu dituzte eta zifrak 0 zenbakiarekin.