XVI. mendetik, hirian
Lau urtez ateak itxita izan ditu San Telmok. Berritze eta handitze lanak amaitu egin dira, eta iritsi da museoaz gozatzeko unea. Apirilaren 2an eta 3an izango da zabalik herritar guztientzako
Astelehenean izango da inaugurazio ofiziala. Herritarrek, ordea, datorren asteko larunbat eta igandea arte itxaron beharko dute museo berriztatua ikusteko. Oraina ulertzeko iragana ulertu behar dela esan ohi dute, eta beraz, ateak ireki bitartean, San Telmo Museoaren historiaren lehen urteetara bidaia egin dugu.
Ia 70 urte dira Udal Museoa domingotarren komentu izandako eraikinera iritsi zela. Fraideak XVI. mende erdialdean etorri ziren hirira, Alonso Idiakez noblearen eta haren emazte Gracia Olazabalen babesari esker. Idiakez Carlos V. enperadorearen estatu idazkaria zen. Haren adiskide guztiengana jo zuen komentua egin ahal izateko. 1544an hasi ziren lanak eta 1562 arte luzatu ziren. Domingotar fraideen komunitateak hautsak harrotu zituen hirian. Zenbait herritarrek eta apaizek ez zuten haien etorrera begi onez ikusi. Herritarrek, «zerga gehiago» ordaindu behar zituztelako; eta apaizek, berriz, «mehatxua» zirelako. Idiakezek hildakoan bere gorpua eta emaztearena bertan hilobiratzeko eskatu zuen. Elizan ikusi ahal izango dira, hain zuzen ere bikotearen hilobiak.
Fraideek, ordea, ezin izan zituzten eraikinaren mantentze gastuak ordaindu. Gainera, 1813ko suteak kalte larriak eragin zituen. Armadari alokatu zioten komentuaren zati bat. Artilleria kuartel gisa erabili zuten. Komentuaren egoerak, jakina okerrera egin zuen. Mendizabalen desamortizazio dekretua dela eta, fraideak bota egin zituzten eta eraikin osoa kuartel bihurtu zen.
XIX. mendearen bukaeran, hainbat herritarrek udalari eskutitza bidali eta komentu zaharraren egoeraren inguruan kezka agertu zuten. Ardura eskatu zioten. Juan Alday eta Francisco Urkola arkitektoek eraikina zaharberritu eta Berpizkunde estiloko fatxada berria eraiki zuten. Eliza, Jose Maria Sert-en mihisekin atondu zuten. Hamazazpi mihise egin zituen Parisen. Gipuzkoako historia irudikatu zuen bertan. Udal Museo gisa inauguratu zuten 1932an. Hiriko eraikinik zaharrenetakoa da, San Bizente elizarekin batera. Museoak, ordea, beste egoitzabatean, eta mende hasieran eman zituen lehen pausoak.
Hirian egindako erakusketek izandako arrakasta ikusita, Sociedad Economica Vascongada de Amigos del Pais Elkarteak Donostian Udal Museo bat eraikitzea proposatu zion Udalari 1900. urtean. Proposamenak aurrera egin zuen. Aurrekontu txikia zuen, ordea, eta Museoak ezin zuen balio handiko lanik erosi. Jose Matxinbarrena alkateak herritarrengana jo zuen orduan. Ekarpenak eta depositoak egiteko deialdia egin zuen. Lehen objektu horiekin hasi zuen ibilbidea museoak.
Andia eta Garibain Andia eta Garibai kaleen kantoian izan zen lehen egoitza nagusia. 1902ko urriaren 5ean inauguratu zuten Historia, artea eta arkeologiaren Museo gisa. Handik gutxira, lokala txiki geratu zen. 1911n Urdaneta kalean ireki zuten egoitza berria. Baina hura ere txikiegia zen. 1932ko irailaren 3an inauguratu zuten museoa Domingotarren San Telmo komentuan.
Museoaren lehen katalogoan – 1906. urtean argitaratutakoa- koadroak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, armak, dominak, txanponak, zeramika, musika tresnak edota kolonaurreko piezak agertzen dira. Mundu osoan dauden hilarri bildumarik garrantzitsuenetakoa du. 1957 eta 1971 bitartean disko itxurako hilarriak erosteko ahalegin aparta egin zuen. 1917an eskuratu zituen lehen hilarriak. Ormaiztegikoa bata, eta Gabiriakoa, bestea. Jose Migel Barandiaran edota Telesforo Aranzadi izan ziren museoan lanean.
60ko hamarkadan hasi ziren museoa eraberritzeko lehen eskaerak. 90. hamarkada bukaeran erakundeek akordioa sinatu bazuten ere, museo berriaren proiektua abian jartzeko bidea luzea izan da. 2007an hasi ziren berritze eta handitze lanak, eta orain, lau urteren ondoren iritsi da San Telmo berria ikusteko ordua.
Ibilbidea 1544. Alonso Idiakez noble gipuzkoarraren mezenasgoari esker hasi ziren Domingotarren komentua eraikitzen. Idiakez Carlos V.aren estatu idazkaria zen. Lanak 1562an bukatu ziren. 1813. Donostia suntsitu zuen suteak kalte handiak eragin zituen komentuan. 1836. Mendizabalen desamortizazio dekretua dela eta, fraideak bota egin zituzten. Komentua artilleria kuartel bihurtu zuten. Ospitale ere izan zen aldika. 1913. Monumentu sailkatu izendatu zuten eraikina. Berpizkunde eta gotiko estiloaren arteko trantsizioko eraikina da. Udalak 1928an eskuratu zuen. 1932. San Telmo, museo bihurtu zen. Udal museoa 1902an sortu zuten, baina hainbat egoitza izan zituen San Telmora iritsi baino lehen. Arkeologia eta etnografia piezak, hilarriak eta euskal artisten pintura eta eskulturak gorde ditu, besteak beste. 1994. Euskal Kulturaren Museoa bihurtzea hitzartu zuten Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak, Rafa Zulaikak zuzendari kargua hartu zuen urte berean. Proiektu hark, ordea, ez zuen aurrera egin. 2000. Txabi Basterretxeak eta Joxean Muñozek prestatutako ‘Atarian’ erakusketa aurkeztu zuten. Hiriaren 800 urteko ibilbide historikoa muntatu zuten. Bisitari gehien izan dituen erakusketa izan da. Bitartean, zabalkunde egitasmoa luzatzen hasi zen.«Duela sei urte hitzarmena sinatu zuten. Hauteskundeen ondoren, politika kontuak eta interesak medio, erakundeak ez ziren gai izan hitzartutako dirua behar zen momentuan emateko. Guggenheim Museoa eta Kursaal egin behar ziren», adierazi zuen Zulaikak. 2001. Donostiarako museoa izateko proposamena diseinatu zuten. Udalak, aldiz, gehiago zehazteko eskatu zuen. Zulaikak berak Antoni Nicolau Bartzelonako Historia Museoko arduradunarekin beste plan bat egin zuen, San Telmo Donostiako Arte Ederretako museoa, etnografia eta arkeologia gune bezala definitu zuten. Plan horrek ere ez zuen biderik hartu. Erakundeek beste proiektu bati eman zioten bultzada, Tabakalerari. 2003. Hamar urtez San Telmo museoko zuzendari izan ondoren dimisioa eman zuen Zulaikak. Museoaren izaera definitzeko ahaleginak egin zituen, baina politikoen arteko desadostasunak bertan behera utzi zituen haren proposamenak. 2004. Museoa berritzeko hainbat saiakera eta gero, Xabide eta K6 enpresen San Telmo, lurraldea eta memoria proiektua onartu zuten. p2005. Donostia Kulturako Batzordeak Susana Soto aukeratu zuen San Telmo museoko zuzendari izateko. Soto Donostiako udal liburutegien arduraduna izan zen ordu arte. Rafa Zulaika zuzendari ohiak dimisioa aurkeztu zuenetik museoaren eguneroko kudeaketaz arduratu zen Soto. Nieto eta Sobejano arkitektoen proiektuak irabazi zuen eraikina berritzeko leihaketa. 2007. Gero arte erakusketan lehen, orain eta etorkizuneko San Telmo nolakoa izango zen azaldu zuten. Berritze lanak hasteko ateak itxi zituen eraikinak. «Azpiegiturekin, segurtasunarekin, zerbitzuen eskaintzarekin, erakusketekin eta batez ere irisgarritasunarekin zerikusia duten arrazoiak daude museoa handitu eta berritzeko», adierazi zuen Sotok. «Honek ez du atzera-bueltarik. San Telmo gizarte museoa izango da, oroimenaren museoa eta XXI. mendeko museo batek behar dituen premia guztiei erantzuna emango die», esan zuen Odon Elorza alkateak, 2010. Gipuzkoako Museoak Antolatzeko Plana aurkeztu zuen Aldundiak. San Telmo museo guztien «erakusleiho» izango zela adierazi zuen Maria Jesus Aranburuk. 2011. Museoak berriz irekiko ditu ateak. Martxoaren 28an inaugurazio ofiziala egingo dute. Apirilaren 2an eta 3an, berriz, hiritar guztientzako ateak irekiko ditu. Bidea luzea izan da. Lau urteko berritze eta handitze lanak eta 25 milioi euroko aurrekontua.