Realeko 2010-2011 denboraldiko belar hockey taldea (Argazkia: Reala)
Realeko belar hockey taldea Ligako titulua lortzeko borrokan sartuko da, baina aurretik, asteburu honetan Kopan lehiatuko da; “taldearentzat kopa eskuratzea sari bat litzateke, urteak daramatzagulako atzetik”, dio taldeko kapitainak.
Ohorezko Mailako Liga bukatzeko hiru jardunaldi falta dira. Hala ere, Realeko belar hockey taldea dagoeneko tituluarengatik borrokatzeko play offetarako sailkatua da. Izan ere, aurreko asteburuan Club de Campori 0-1 irabazi ostean, Madrileko taldeak adina puntu ditu sailkapenean. Orain, bigarren postuan dago, gol aldearengatik. Edonola ere, kontuak ateratzen hasi ezkero, datozen partidak galduta ere, txuri-urdinek lehenengo lau postuen barruan jarraituko dute. “Baditugu pozik egoteko arrazoiak. Hala ere, beti gertatzen den bezala, behin helburua lortuta, oraindik gehiago nahi dugu eta play offean ahalik eta posturik onena lortzen saiatuko gara”, azaldu dio Maite Jaunarenak, Realeko kapitainak,
Irutxuloko Hitzari. Orain arte egindako lan bikainari esker dago Reala hain postu onean, ez baitu partida bakar bat galdu.
Ligan gertatuko denari begirada kendu gabe, Kopa ere buruan du Realak, asteburu honetan bertan jokatuko baitu. “Ostegun arratsaldean aterako gara autobusean Terrasarantz eta ostiral goizean atseden hartzea izango dugu, Egararen aurkako partida 16:30ean baita”. Partida hori galtzen badute, etxera esku hutsik itzuliko dira. Irabazten badute, ordea, larunbateko finalerdietarako sailkatuko dira eta berriro ere irabazten badute, finala jokatuko dute, igandean. Talde guztiak Ligatik ezagutzen dira eta zehazki, Realak Egarari 2-1 irabazi zion Bera Berako zelaian. “Talde eskuragarria da eta badakigu irabazi diezaiokegula. Baina beti desberdina izaten da Ligan edo Kopan jokatzea. Kopan talde guztiek dena ematen dute eta lehia gogorragoa da. Beraz, ezin dugu pentsatu Egarari behin irabazi diogulako berriz irabaziko diogula, oso talde ona baita”, aitortu du Jaunarenak.
Koparekin itzultzeko nahia
Edonola ere, biharko partida irabaztea da Realaren helburua, bestela ez baitago zer borrokatu. “Behin hori lortuta, Koparengatik borrokatuko dugu. Taldearentzat Kopa eskuratzea sari bat litzateke, urteak daramatzagulako atzetik. Iaz hirugarrenak izan ginen eta nahiko modu injustuan, beraz, zapore gazi-gozoarekin geratu ginen”. Gainera, kopa etxeratu ezkero, datorren denboraldian Europan jokatzeko aukera izango dute txuri-urdinek.
Psikologikoki jokalariak indartsu daudela dio kapitainak. “Aurreko asteburuan Club de Campori irabazi genion. Talde horrek aurreko urtean Ligako finala irabazi zigun eta Kopa ere beretzat izan zen. Ez du ezer esan nahi, baina moralki indarra ematen digu, Kopa irabazi dezakegula pentsatzeko”.