Udaberria iritsi da Donostikluba zirkuitura
Donostikluba programaren historian atzera egiten badugu, 1999. urteraino itzuli behar gara. Orduan sortu zen egungo musika zirkuitua eta jaialdiaren hazia. Elektronikaldia izenarekin jaio zen. Musika elektronikoarekin lotutako askotariko proposamenak jasotzen zituen jaialdi gisa hasi zen. 2005ean hartu zuen Donostikluba izena. Elektronika baino gehiago eskaintzen hasi zen jaialdia, eta hamaika estilotako musikazaleak erakartzen hasi zen. Hiru urteren ondoren, urrian ez ezik, urte osoan ere kontzertuak antolatzea erabaki zuten antolatzaileek. Orduan sortu zen Donostikluba zirkuitua.
Altxerri, Be Bop, Gazteszena, Bukowski, Victoria Eugenia Klub aretoa, Leize Gorria, Komplot, Lugaritz kultur etxea… Hiria musikaz blai izango da udaberrian. Donostiklubak makina bat kontzertu antolatu baititu datozen hilabeteetarako.
Thomas Belhom-en zuzenekoarekin hasiko da zirkuitua, apirilaren 1an. Izenez beharbada ez ezaguna izango, baina eskarmentu handiko musikaria da. Belhom Tindersticks taldeko bateria jolea da, eta baita Arizonako Calexico bandaren ohiko kolaboratzailea ere. Hurrengo egunean Elkano Browning Cream hirukoteak Bukowskin joko ditu bigarren diskoko kantak. Mikel Azpiroz bere Hammond organoarekin izango da Franck Mantegari bateria jolea eta Matt Harding abeslariarekin batera.
Apirilaren 14an, Pajaro Sunrise ezizenarekin joko du Leongo Yuri Mendez musikariak da Altxerrin. Emanaldi berean, Donostiako Siete C talde donostiarrak -Raizdx taldeko kide ohiek osatu dute- bere kanta berriak aurkeztuko ditu.
Gazteszenan Jay Jay Johanson konpositore suediarra izango da, eta Kontadoresen, maiatzaren 6an, Tom Waitsen laguntza izan duen Bart Davenport musikaria. ‘Maroon Cocoon’ hirugarren diskoa aurkeztera dator.
Rapa eta hip hopa ZPUrekin, AEBetako rock n’ rolla Jhonny Kaplanekin, Andaluziako rocka eta funkaren arteko fusioa Pony Bravo Sevillako taldearekin, soula eta musika beltza Beltza Recordsek antolatutako Soul Supreme festekin… Musika koktel ederra prestatu dute. Ekainaren 18an, gainera, Musikaren Eguna ospatuko dute kale ikuskizun handi batekin.
Joan den hilabetean Le Bukowski kluba eta zuzeneko emanaldien inguruan sortutako zalapartaren inguruan hitz egin du Patxi Presak Donostia Kulturako Kultur Ekintza unitateko arduradunak: «Arazo oso puntuala izan zen. Bizilagunen eta lokalaren arteko arazoa izan zen, Udalarena baino. Edonola ere, gure aldetik behintzat, dena konponduta dago».
1999. urtetik eraberritzen Donostikluba programaren historian atzera egiten badugu, 1999. urteraino itzuli behar gara. Orduan sortu zen egungo musika zirkuitua eta jaialdiaren hazia. Elektronikaldia izenarekin jaio zen. Musika elektronikoarekin lotutako askotariko proposamenak jasotzen zituen jaialdi gisa hasi zen. 2005ean hartu zuen Donostikluba izena. Elektronika baino gehiago eskaintzen hasi zen jaialdia, eta hamaika estilotako musikazaleak erakartzen hasi zen. Hiru urteren ondoren, urrian ez ezik, urte osoan ere kontzertuak antolatzea erabaki zuten antolatzaileek. Orduan sortu zen Donostikluba zirkuitua.
Ekimen honen bilakaerak ez du etenik izan. Udal Gazteria Sailak eta Donostia Kulturak hiriko kultur eragile eta musika areto pribatuekin harremanetan jarri, zirkuitu zabalagoa lortu zuen. Iaz, gainera, babesle bat lortu zuen, San Miguel garagardoa, eta bultzada ekonomiko handia izan zen. Formatuz ere aldatu zuen berriz ere. Hiru hilabeteko programazioak osatzen hazi zen. Udazkena eta neguko egitarauen ondoren, udaberrikoa iritsi da orain.
Antolatzaileak pozik daude, ikusleen harrera ona izan delako: «Udazkeneko egitarauan 4.400 lagunek parte hartu zuten, eta negukoan 2.500 lagunetik gora», adierazi du Presak. Uztailean oporretan joango da Donostikluba, eta irailean itzuliko da maleta musika proposamenez beteta.
Udaberriko Donostikluba zirkuitua Apirilak 1. Thomas Belhom (Be Bop taberna, 00:00). Sarrera: 10 euro. Apirilak 2. Elkano Browning Cream (Bukowski, 21:00). Sarrera: 10 euro. Apirilak 2. Gabon Japon (Guardetxea, 20:00). Sarrera: 6 euro. Apirilak 14. Pajaro Sunrise + Siete C (Altxerri, 22:00). Sarrera: 5 euro. Apirilak 16. Toy Box: opera new media (Ondarra, 21:00). Sarrera, doan. Apirilak 29. Jay Jay Johanson + Polaroid (Gazteszena, 20:30). Sarrera, 15 euro. Maiatzak 6. Bart Davenport + Napoka Iria (Kontadores, 21:00). Sarrera, 9 euro. Maiatzak 7. Gribitch Brothers & Sisters (Leize Gorria, 21:00). Sarrera, doan. Maiatzak 12. Maika Makowski + Ainara Legardon (Gazteszena, 20:00). Sarrera, 10 euro. Maiatzak 20. Pony Bravo (Lugaritz kultur etxea, 21:00). Sarrera, 11 euro. Maiatzak 20. Hidrogenesse + Los Nerviosos (Komplot, 22:00). Sarrera, 10 euro. Ekainak 4. Johnny Kaplan (Bukowski). Ekainak 11. ZPU (Larratxo kultur etxea, 20:00). Sarrera: Aldez aurretik, 12 euro. Egunean bertan, 15 euro. Ekainak 17. El hijo + Mal de muchos (Lugaritz kultur etxea, 21:00). Sarrera, 10 euro. Ekainak 18. Musikaren Eguna (Fnac, 20:00). Sarrera, doan. Uztailak 1. Soul Supreme (Victoria Eugenia Klub aretoa, 20:00). Uztailak 2. Soul Supreme (Gazteszena).