Estimulazio sentsorial eta kognitiboa lantzeko areto bat ireki berri dute Kontxako kirol egokituaren zentroan. Jolasen bidez, arreta, memoria edota erlaxazioa garatzeko tokia da.
Snoezelen blaitu eta
amets egin hitz nederlandarren elkarketa da. Esanahi horretatik haratago zentzumenak piztu, lasaitu, komunikatu edota inguruaren ulermena garatzeko erabiltzen den gela izendatzen du. Erabiltzaileen beharrei egokitutako teknikak lantzeko horrelako gune batek ateak ireki berri ditu Zubieta kalean. Hegalak-Zabalik fundazioko presidente Mikel Izagirrek,Gizarte politika diputatu Maite Etxanizek eta Prestazio, Gizarteratze eta Enplegu zuzendari Itziar Usabiagak bertatik bertara ezagutu zuten atzo.
Oraindik egokitzen ari diren aretoak Kontxako kirol egokituaren zentroan daude. Honek, hiru gunetan banatutako 110 metro koadro ditu: informazio gunea, bereziki haurrentzat den aktibitate gela, eta helduei bideratutako areto zuria. Izagirrek argitu zuenez, herritarren eskura jarri nahi izan dute bi arrazoirengatik: «Batetik, terapia eredua berria arazo kognitiboak, fisikoak edo sentsorialak dituzten haur, gazte nahiz helduen beharrei erantzuteko gai den ikusteko; eta bestetik, zentroaren barruan ekonomikoki bideragarri den jakiteko». Hiperaktibitatea, arreta arazoak edota bestelako urritasunak dituztenentzat erabilgarri izateaz gain, edonorentzat baliagarri dela uste dute arduradunek. «Elbarriei zuzendua badirudi ere, Madrilen antzeko gela bat dago eta han 12:00etatik 16:00etara erlaxatzera doazen exekutiboz beteta egoten da», aipatu zuen Izagirrek.
Gunea Aniztasun funtzionaleko pertsonen Gipuzkoako elkarteak sustatu du, Arantza Bifidoa duten Gaixoen Gipuzkoako Elkarteak, Disney Channelek eta Carrefourrek lagunduta.
Jolas bidezko terapia
Puff erraldoia, pilotez betetako igerilekua, ehundura anitzekin osatutako taula ukigarria… erabilera ugari izan ditzaketen elementuz beterik dago gela zuria. Jaume eta Olatz fisioterapeutek eta Izaro, terapeutak erabiltzaile bakoitzaren beharrei egokitzen dute saio bakoitzean. Gela iluna da eta kolore nahiz argiek esanahi berezia dute; batzuek erlaxatzeko balio baitute, eta beste batzuek, pizteko. «Haur bakoitzari baliagarri zaion giroa sortzen dugu, kontzentrazio arazoak baditu, hori errazten duen kolorea jartzen dugu», azaldu zuen fisioterapeutetako batek. Zentzumen guztiak lantzeko aukera ematen du ekipamenduak. Ikusmena hobetu daiteke horman proiektatuko irudien bidez, usaimena aromaterapiarekin… Eta objektu guztiek erabilera bat baino gehiago izan dezake.Esaterako, 500 litro ur bero dituen ohea lasaigarri izateaz gain, bibrazioen bidez, gorrek musika sumatzeko erabil daiteke.
Abentura gelan, aldiz, modu aktiboagoan parte hartzen dute, jolasen bidez arreta, memoria, sekuentziak… lantzen dituzte autonomia garatuz.
Egunerokoan zentzumenen bidez gauzak atzemateko arazoak dituzten pertsonei zuzendua badago ere, edonorentzat baliagarri izan daitekeela uste dute. «Haurrentzako diseinatua badago ere, erlaxazioa denentzako baliagarria da, adin mugarik gabe». Erabiltzaile gutxi dituzte hasiberriak direlako, baina profil anitzak dituzte: alzheimerra duen gizon bat dute, tendiditisa duen emakume bat, oreka arazoak dituen 16 urteko gaztea, edota Down sindromea duen 4 urteko haurra. Interesa dutenek gunera deitu eta hitzordua egin behar dute. Doako lehen balorazioaren ondoren, helburuak zehaztuko dituzte, erabiltzailearen nahien eta terapeuten eskaintzaren arabera.
Kontaktua
- Helbidea. Zubieta, 18-20.
- Telefonoa.943-432190.
- E-posta. mindara@mindara.org.
- Informazio gehiago. www.mindara.org