Txirrindulariek euren seinale eta semaforoak dituzte (Argazkia: Xabier Etxabe)
“Bizikleta bai, baina arretaz”. Lelo horri eutsiz, txirrindularientzako kanpaina jarriko du Mugikortasun sailak abian. Asteburu honetatik aurrera eskuorriak banatuko dituzte, eta sei hilabetez zazpi begiralek argibideak emango dizkiete oker dabiltzan txirrindulariei. Kanpaina bukatzen denerako, txirrindulariek argi izan beharko dute espaloitik bizikleta gainean joatea debekatuta dagoela. Horretaz gain, bidegorri eta bestelako bideetan zabaldu dituzten seinaleei arretaz begiratu beharko diete, oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza nagusitu dadin. Datozen egunetan, hainbat gunetan bizikletatik jaisteko adierazten duen seinale berri batekin egingo dute txirrindulariek topo.
«Informazioa behar bezala zabaldu denean» eta «araudiaren berri ez izatea aitzakia izateari uzten dioenean», isunen txanda iritsiko da. Zigorrik larriena 200 eurokoa izan daitekeela baieztatu du Maravi Dafauce Mugikortasun zinegotziak. Zigor arin eta larrienak zeintzuk izan daitezkeen galdetuta, Odon Elorza alkateak erantzuteari uko egin dio.
Isunak ekiditeko, hala ere, beharrezko bitarteko guztiak jarri dituztela azaldu du Elorzak. Bidegorri sarea hedatzeko aurreikuspenak bete bakarrik ez, planak jasotzen ez zituen beste egitasmo batzuk ere gauzatu direla adierazi du. Auzo eta zonalde garaietara iristeko, gainera, egun askoz ere errazagoa dela zehaztu du, igogailu eta arrapala mekanikoak eraiki dituztelako. Lizardiko arrapalak eta Buenavista, Azkuene eta Aizkorriko igogailuak jarri ditu adibide.
Atotxa eta Bulebarra
Alboratu behar diren ohituren artean, Bulebarrean eta Atotxako pasabidean gertatzen diren egoerak aipatu ditu alkateak. Bulebarreko bidegorria erabiltzeko dagoela adierazi du. Oinezko bidetik, hortaz, txirrindularirik ezin duela joan zehaztu du. Atotxako pasabidean, halaber, lehentasuna oinezkoek dutela eta txirrindulariak bizikletatik jaitsi behar direla nabarmendu du.
Bestalde, 30 kilometro orduko guneak hedatzeko egin den ahalegina azpimarratu du Elorzak. Seinaleek adierazten duten moduan, txirrindulariek errepide erditik joateko aukera dutela azaldu du. Eremuok beste auzo batzuetara zabaltzen joango dira.
Morlanseko igogailua urte bukaeran hasiko dira altxatzen: Aietearrek oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko errazago izan dezaten, aurrera doa Morlans eta Aiete arteko igogailu proiektua. Odon Elorza alkateak aurreratu duenez, lanak urte bukaeran has daitezke. Denera, bi igogailu izango lirateke. Batak Morlans eta Melodi plaza lotu, eta 22 metroko garaiera arinduko luke. Besteak, berriz, bospasei metroko altuera izango luke. Meloditik Aieteko pasealekura iristeko aukera eskainiko luke.