Pilotari txuri-urdinak
Realeko sail ezezagunen artean dago pilota; emakumezko eta gizonezko 25 jokalari ditu. Ohorezko Mailara itzultzeko, Espainiako Kluben Arteko Txapelketako azken fasea jokatuko dute gizonek, apirilaren 2an eta 3an.
Batek baino gehiagok jakingo du Realak futbolaz gain beste sail batzuk ere badituela. Baina sail horien artean, belar hockeya eta atletismoaz gain, badira ezezagunagoak diren beste bi: urazpiko ekintzena eta pilota. Bi sailek ere komunikabideetan oihartzun gutxi duten arren, Irutxuloko Hitzak pilota sailaren inguruan hitz egiteko hautua hartu du gaur.
Realeko pilota saila bi multzotan banatua dago, gizonezkoena eta emakumezkoena eta 25 pilotari inguruk osatzen dute. Gaur egun, honako modalitateetan aritzen dira: paleta eta pala motza frontoian, gomazko paleta frontoian eta larruzko paleta eta argentinar gomazko paleta trinketean. Egunotan, gizonezkoen saila albiste da; iaz Espainiako Kluben Arteko Txapelketan Ohorezko Mailatik jaitsi ostean, berriro ere maila errekuperatzeko bidean baita. Aurtengo denboraldian Lehen Mailan lehiatu da Reala eta azken faserako, bere multzoko lehena izanik sailkatu da. Fase hori apirilaren 2an eta 3an izango da Leganesen (Madril) eta txapelketan aritu diren Realeko lau pilotarik parte hartuko dute: paleta larruan, Richard Benoit (Miarritz) eta Tibur Etxeberria (Orio) eta pala motzean, Iñigo Navarro (Altza) eta Jon Arruti (Usurbil). Bi modalitate horiek, antzekoak diren arren, honako desberdintasun nagusiak dituzte beraien artean: paletazko pilotak txikiagoak eta arinagoak dira eta pala ere estuagoa da, zulorik gabekoa. Pala motzean, berriz, pilotari jotzeko tokia txikiagoa da, burua estuagoa du eta zabaleraz lodiagoa da, pilota ere handiagoa delako eta pisu handiagoa duelako.
Altzako pilotaria
Aipatu bezala, azken txanpako pilotarien artean, Iñigo Navarro (Altza, 1979) egongo da. Bere aitarekin batera hasi zen palan jokatzen eta 13 urterekin jokatu zuen lehen partida ofiziala. Orduko hartan, Urnietako paleta larruzko txapelketa irabazi zuen. Bere hastapenetan, Altzatarra Kirol Elkarteko kidea zen Navarro, baina 2001ean Realera igaro zen. Hala, pilotari bezala gehiago hezteko eta txapelketa garrantzitsuegoetan parte hartzeko aukera izan zuen. Gainera, bi urtez profesionaletan ere jokatu zuen, Bilboko Eusko Basque enpresarekin. Hala ere, berriro Realean afizionatu bezala jokatzera itzuli zen, orain arte.
Espainiako txapelketari begira, Jon Arrutirekin batera, bikote indartsua osatzen duela aipatu dio Navarrok egunkari honi. «Gure ideia txapelketa irabaztea da, talde orekatuena eta aukera gehien dituena baikara. Hala ere, argi dago faktore askok eragiten dutela, zortea, urduritasuna…». Edonola ere, finalerdietako partida irabaztearekin nahikoa dutela azaldu du Altzakoak. Horrela, datorren urtean Ohorezko Mailan lehiatzera itzuliko baitira. «Igoera lortzen badugu, dagokigun tokira itzuliko gara, bertan eman baititugu azken bost urteak. Bertan, munduko palista onenekin lehiatuko gara. Bartzelonan, esaterako, kategoriako onena dute eta Valladoliden bi kubatar eta uruguaitar bat dabiltza». Gainera, Ohorezko Maila erosoagoa da Donostiako pilotarientzat, Nafarroako sei klub inguru lehiatzen direlako eta, ondorioz, Lehen Mailako bidaia luzeak alde batera utziko dituztelako: Almeria, A Coruña… «Zalantzarik gabe, edonozein pilotariri jokatzea gustatuko litzaiokeen txapelketa da», aipatu du Navarrok.
Ibon Eskisabel (Errenteria-Orereta, 1977) ere Realeko pilotaria da, baina aurten ezin izan du jokatu, lesio kontuengatik. «Realak Gipuzkoako gainontzeko klubek ez dutena dauka, Espainiako txapelketan jokatzeko aukera», nabarmendu du pilotariak. Eskisabel Realera iritsi zenean, taldea Lehen Mailan zegoen. Hala ere, urte hartan bertan igoera lortu zuten eta aurreko urtera arte, bertan lehiatu ziren. «Igo ginen urtetik, urtero urtero bikoteetako bat azken faserako sailkatzea lortu dugu eta oso garrantzitsua izan da hori guretzat». Iaz taldeak oso parekatuak egon ziren eta beste hainbat gora-beheren ondorioz, galdu zuen maila Realak. «Talde batek azken momentuko fitxaketa bat egin zuen, lesionatutako jokalari baten ordez sartzeko eta beste talde batek salatu egin zuen. Teorikoki talde horri kendu behar zizkioten bi puntuak gure alde egin behar zuten eta hala, maila mantenduko genuen. Aurtengo denboraldia hastear zela, ordea, Lehen Mailan jokatuko genuela jakin genuen. Kolpe gogorra izan zen».
Entrenatzeko Altzako pilotalekua erabiltzen dute jokalari txuri-urdinek eta Espainiako Txapelketarako jardunaldirako ere hori erabiltzen dute. Euskadiko Txapelketa, berriz, Atano III.ean izaten da. Gazteak gutxi dira taldean, baina Eskisabelen esanetan, palan jokatzeko adin ona 30-40 urte bitartean dago. Edonola, jokalari indartsuak dituztela azpimarratu du. «Datorren urtean, esaterako, Gipuzkoako Txapelketako Ohorezko Mailan hiru bikote izango ditugu modalitate bakoitzean eta zortzi bikotek osatzen dute bakoitza. Guretzako batezbesteko oso ona da». Aurten, berriz, Iñigo Navarro eta Jon Arruti txapeldunordeak izan dira Gipuzkoako paleta larruzko Txapelketan.

