Amaratarren argazki bilduma
Denboraren makinan sartu eta memorian barrena bidaia egingo dute amaratarrek Ernest Lluch-en. Auzotarrek, dendariek edota elkarteek utzitako argazki eta dokumentuen erakusketa egin dute.
Amaratarrek, familia bat bailiran, argazki bilduma osatu dute. Auzoaren memoria berreskuratu dute dendari, auzo elkarte eta hainbat bizilagunen artean. Amarauna osatu dute. Horrela du izena Ernest Lluch kultur etxeak eta Amara Osinaga auzo elkarteak abian jarri duten ekimenak. Plano zaharrak, elkarrizketak, askotariko objektuak… Zortziehun dokumentu lortu dituzte guztira. Auzoaren iraganari, orainari eta etorkizunari egindako begiradak dira. Auzotarren oroitzapenak, bizipenak eta ametsak.
Amarako zabalgunea eraiki zutenetik hirurogei urte dira. Ordutik hona, Urumeako ibarretik jaiotako auzoa sortu eta hazi egin da. Hutsetik hasita, gainera. Amarauna: Auzoa eraikitzen erakusketaren sarreran Javier Sada kronikagilearen testu batek eta bideo batek azalduko dizkio bisitariari gertakari esanguratsuenak. Mapa bat ere sortuko dute bisitarien laguntzarekin. Sentimenduen mapa bihurtuko den txoko honetan jendeak Amarako txoko gogokoenak kokatuko dituzte.
Auzotarren egunerokoa
Amarauna proiektuan bildutako argazki bildumaren zati bat bertan izango da ikusgai. Berrehun irudi inguru izango dira mural batean. Bilduma osoa www.flickr.com/photos/donostiakultura helbidean daude jada ikusgai. Kirol probak, kontzertuak Anoetan eta Belodromoan, auzoko festak, jaunartzeak, herri bazkariak…
Desagertutako espazioak berreskuratu dituzte zenbait argazkik, Amarako geltokia, Anoetako igerilekuak edota trenbidea bera ere. Easo kaleko Sanitarios Alonso dendak utzi ditu pieza zaharrenak, mende hasierakoak. Marivi Ibarrola argazkilariak, Tanit tabernako jabearen ahizpak ere parte hartu du gaur, ostirala, zabalduko duten erakusketan. 80ko hamarkadan hainbat musika talde donostiarren argazkiak egin zituen Ibarrolak. Horietako batzuk Amaran egindakoak dira eta Ibarrolaren erretratuekin beste erakusketa bat egitea pentsatu dute, Amara eta musika lotuko dituena.
Erakusketaz gain, beste jarduera baztuk ere antolatu dituzte hurrengo hilabeteetarako. Apirilaren 12an Amaratarrak dokumentala proiektatuko dute kultur etxean. Javi Vicente Laszlo errealizatzaileak egindako lana da. Hemezortzi amaratar elkarrizketatu ditu. Auzoko festak, kirolak, txokoak, euskara edota musikaren inguruan hitz egin dute.
Amarako zabalgunearen inguruan egin diren hirigintza proiektuak ere izango dituzte hizpide. Maiatzaren 10ean EHUko Ana Aizpirik eta Nafarroako Unibertsitateko Javier Muñozek hitzaldia egingo dute auzoko arkitekturaren inguruan.
Egitaraua: AMARAUNA proiektua
- Erakusketa. Auzoko elkarte, dendari, eskola eta hainbat pertsonen ekarpenei esker 800 dokumentu inguru lortu dituzte. Argazkiak, aldizkariak, Belodromoko kontzertuetarako sarrerak… Gaurtik maiatzaren 24a arte izango da zabalik Ernest Lluch kultur etxean. Erakusketa ibiltaria izango da, Ikasbide ikastolan edota Usandizaga Institutuan ere izango baita.
- Proiekzioa. Javi Vicente Laszlo-ren Amaratarrak dokumentala izango da ikusgai apirilaren 12an, 19:30ean. 18 amaratar elkarrizketatu dituzte haien bizipenak jasotzeko.
- Mahaingurua. Amarako arkitektura eta hirigintzaren inguruan hitz egingo dute Ana Aizpirik (EHU) eta Jose Angel Medinak (Nafarroako Unibertsitatea). Maiatzaren 10ean, 19:30ean.