Etxez etxeko laguntzaileek ez dute begi onez ikusi CLECEren esleipena urtebetez luzatzea.
Etxez etxeko laguntzaileek “sorpresaz” jaso zuten joan den ostiralean beraien zerbitzua kudeatzeaz arduratzen den CLECE enpresari Udalak emandako luzatzea. Urtebete pasatxo da hitzarmen berriaren inguruko lan gatazka abian jarri zutenetik. CLECEren negoziatzeko asmo ezak, hilabeteetan luzatzen ari diren lan uzteak eta protestak ekarri zituen. Era berean, langileen ordezkariek, behin eta berriro, eskatu zioten Odon Elorza alkateari nahiz ongizate zinegotzi Alicia Gonzalezi. “Egin dugun presioari esker, eta hauteskundeen gertutasunarengatik, alkateak bilera pribatu batera deitu gintuen”, azaldu du ASADE sindikatuko Eukene Pardok.
Hilaren 18an elkartu ziren Pardo eta langileen beste bi ordezkari alkatearekin. Pardoren hitzetan “agerian gelditu da Alicia Gonzalezek ez duela orain arte ezertxo ere egin. Alkateak berak bitartekari lana egiteko konpromisoa hartu du berak ere onartu baitu gure baldintzak oso txarrak direla”. Aste honetan jasoko dute alkatearen erantzuna edo CLECEren deia negoziazioei berriro ekiteko. “Alkateak epe luzeko hitzarmena adosteko prest geunden galdetu zigun.CLECEk 2012ko apirilaren 1ean egingo den lehiaketara aurkezteko asmoa badu, negoziatu egin beharko du”, zehaztu du Pardok. “Biek beraiena ziurtatu nahi dute –alkatetza eta esleipena– 2016a arte, hori nahi badute, gutxienez zaharren egoitzetako langileen hitzarmenaren baldintzak sinatu beharko dituzte gurekin”. Bilera hartan, ordea, alkateak ez zien luzapenari buruzko berririk eman. Etxez etxeko laguntzaileek albistea “oso gaizki” hartu badute ere, CLECErekin jarraitzeko arazorik ez dutela berretsi dute, betiere zin egindakoa betez gero. “Ez dira esandakoa egiten ari. Multinazional bat dira eta langileen kontura, lotsagabeki, aberasten ari dira”.
Mobilizazioak, okerrera
Luzapenaren batera, KPIari dagokion %2,8ko igoera zehaztu zuen Udalak. Horren arabera, apirilaren 1etik aurrera, astegunetan, 18,02 euro eta jaiegunetan 21 euro jasoko dituzte. Erabaki honek ere ez ditu langileen ordezkariak poztu. “KPIaren igoera sinatuta genuen, baina negoziazioekin hasi ginenetik igoerarik egin ez digutenez, ez dakigu nola eragingo digun. Gainera, zer gertatzen da aurreko hiru hilabeteekin? Zirikatzen ari zaizkigu, joan nahi ez dugun tokirantz eramanez: greba orokorrera”, ohartarazi du Asadeko kideak.
Lan uzte “txarrenak” apirilerako aurreikusi dituzte, bereziki, Aste Santuko oporraldirako; gehiegizkotzat jotzen dituzten gutxieneko zerbitzuengatik protesta egiteko.