"Final bat galtzea mingarria den arren, jokatzea oso dibertigarria da"
Bigarren urtez jarraian Kopa irabazteko zorian egon da, baina berriro ere saririk gabe etxeratu da Reala, Terrasatik. Izan ere, Egarari eta Polori 1-0eko markagailuarekin irabazi ondoren, Club de Camporekin egin zuen topo talde txuri-urdinak, Kopako finalean. Markagailua Donostiako taldeak ireki zuen arren, Madrilekoak gogorregiak izan ziren eta 3-1ekoarekin txapeldunak izan ziren. Carlos Castaño Realeko belar hockey taldeko entrenatzailea da azken bost urteetan eta taldearen egoeraren berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Nolakoa izan da Kopako esperientzia?
Argi dago Club de Campo gu baino indartsuagoa dela. Hala ere, ez ginen egoera berdinean iritsi finalera. Izan ere, Kopako zozketak Club de Camporen alde egin zuen, bai aurkarien aldetik, bai ordutegi aldetik ere. Guk play offerako sailkatuak dauden beste bi taldeen aurka jokatu behar izan genuen eta beraiek, berriz, beheko taldeen aurka. Hala, finalera fresko iritsi ziren eta jokalari garrantzitsuak ez zeuden nekatuak. Partidak bukatu aurretik garaipena ziurtatua zutenez, azken minutuetan atseden hartzeko denbora izan zutelako. Guk atseden hartzeko sei ordu gutxiago izan genituen eta jokalari garrantzitsuenak guztiz nekatuak genituen. Hala ere, irabazteko asmoarekin joan ginen finalera eta orokorrean sentsazio onarekin bukatu genuen. Akats konkretu batzuk eta finalak jokatzeko esperientzia ezak porrotera eraman ginduten. Club de Campok bospasei urte daramatza Europan jokatzen eta final guztietan dago. Edonola ere, beste final bat izan da eta, galtzeko, jokatu egin behar dira. Esperientzia hartzen joatea espero dugu.
Oso gogorra izan zen taldearentzat finala galtzea?
Nire ustez finala ongien jokatu genuen partida izan zen, oso kontzentratuak egon ginen. Galtzea gogorra izan zen, baina aldi berean, iazko finaleko 6-0ekoa eta gero, eta ia dena gure aurka izanda, Club de Campori irabazteko gai garela pentsatzen dugu. Benetan, Club de Campori guk bakarrik aurre egin diezaiokegula pentsatzen dute hockey mundukoek. Guregan pixka bat gehiago sinetsi behar dugu eta Ligan jarri behar dugu burua.
Nola zeuden taldekideak finala galtzean?
Etsituta eta umore txarrez zeuden, baina hori normala da. Horrek irabazteko gai zirela pentsatzen zutela esan nahi du. Beraz, ona da. Ongi gaude, ez du ezertarako balio kontuari bueltak ematen egoteak, ez dago denborarik.
Berriro ere Ligan jarri behar duzue burua.
Ahalik eta gorenen sailkatu nahi dugu eta laugarren postua ekidin nahi dugu, lehen partidan Club de Camporen aurka ez jokatzeko. Sailkatuak gauden arren, gorago begiratzen dugu. Oso lehia nekagarria da eta ziur aski aste honetan gure fisioterapeutak ohikoa baino lan gehiago izango du.
Dagoeneko titulua lortzeko ‘play off’erako sailkatuak zaudete. Liga irabazteko gai ikusten duzu zure taldea?
Egara, Polo eta gu oso talde parekatuak gara eta Club de Campo beste maila batean dago. Hala ere, play offean egonda, titulua lortzea dugu buruan, ezin dugu besterik pentsatu.
Taldean bosgarren denboraldia osatzen ari zara. Aurtengoa orain arteko onena izaten ari dela esango zenuke?
Beno, iazkoa ere oso urte ona izan zen. Ligako finalera iritsi ginen eta aurten oraindik hori ez dugu lortu. Realaren helburua ez da Club de Campok jarritakoaren berdina, hau da, txapelduna izatea. Guk harrobiko ahalik eta jokalari gehienekin osatu nahi dugu taldea eta Ohorezko Mailan lehiakorrak izan nahi dugu. Taldea hartu nuenean, belaunaldi aldaketarekin topo egin genuen eta normala den bezala, beheko postuetan borrokatu genuen. Orduan, maila mantentzea zen helburua eta orain goiko taldeekin ari gara borrokan. Oso urte onak izaten ari dira eta oso ongi pasatzen ari gara. Final bat galtzea oso mingarria den arren, jokatzea oso dibertigarria da; jokalarientzat, jarraitzaileentzat, Mari Ayestaran delegatuarentzat eta talde tekniko guztiarentzat.
Nolakoa da orain zuzentzen duzun taldea?
Jendeak neska hauek egiten duten esfortzua baloratzea gustatuko litzaidake. Jokalariek ordu asko ematen dituzte entrenatzen, profesionalak izango balira bezala eta benetan, ez da horrela. Gainera, atzetik lan egiten duen jendea ere badago eta pixkanaka geroz eta gauza gehiago lortzen ari garela esango nuke. Gehiago ezagutzen gaituzte, prentsan gehiago ateratzen gara, klubetik ere laguntza gehiago jasotzen ari gara. Oraindik badago zer hobetu eta ateak jotzen jarraituko dugu. Azpiegitura aldetik, esaterako, hutsune handia dugu, baina datozen urteetan pauso garrantzitsuak emango direla uste dut.