India, emakumeen hitzetan
Calcuta Ondoan Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GGKE) hamarkada darama Indiako herritarrei laguntza ematen. Garapen eta gizarte laguntzaz gain, ordea, Donostiako eta Gipuzkoako herritarrak sentsibilizatzeko lan egiten du. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol eta Kanpo ekintza atalarekin jarduten da. Iaz, lehenengoz antolatu zuten Indiari buruzko jardunaldia, aurten ere egitasmo bera aurrera eramaten ari dira; baina, oraingoan, genero ikuspegitik.”Garapen ekonomikoaren hazkundeaz hitz egiten da, baina herrialdearen %70a kanpoan gelditzen da. Emakumeen eta neskatoen egoera bereziki txarra da”, gogoratu zuen Calcuta Ondoaneko kide Iñigo Egurenek. Horregatik, apirilaren 6a arte luzatuko den India emakume aurpegiz, hitzaldi sortako azken saioetan errealitate hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, hiru emakume indiar hizlari izango baitira EHUko Psikologia fakultatean.
Emakumeen erakundeak eta Indiako mugimendu feministak aztertzeko, Donna Fernandes ekintzaileak hartuko du hitza, gaur eta etzi. Fernandes 30 urteko ibilbidea duen Bengaluruko Vimochana (Askapena) GGKEko zuzendaria da. Elkarteak emakumeen giza duintasuna defendatzen du, eta sorreratik, emakumeen aurkako indarkeria eremu pribatutik publikora azalerazteko ahalegina egiten dute bere kideek. Gizarteari ulertarazi nahi diote “emakumeen eskubideak, giza eskubideak dira. Denbora luzean ez dira hala ulertu, huskeriatzat jo dira”.
Etxeetan ematen diren erasoez gain, ezkonsari nahikoa biltzen ez duten emaztegaien aurkakoak aipatu zituen Fernandesek. “Erail edo beren buruaz beste egitera bultzatzen dituzte, eta sukaldean izandako istripua izan dela diote”. Indarkeriarekin amaitzeko bidean, 100 urtez indarrean izandako bortxaketen inguruko legea aldatu eta erasoak direla zehaztea lortu zuten. Helburu berriena, abortu selektiboekin amaitzea da.
Feminismoak Indian duen esanahi peioratiboa izan arren, emakumeak bildu eta antolatzearen alde ere lan egiten dute, garapen prozesuan parte hartzeko aukera emanez. Horrelako talde bateko bi kide izango dira apirilaren 5eko saioaren protagonistak. Calcuta Ondoanek sustatutako arrain saltzaileen foroak 20.000 emakume arrantzale batzen ditu eta honen berri emango dute foroko koordinatzaile Sherly Kutty Josethek eta Mary Babu saltzaileak.