Atzean ez gelditu eta teknologia berriekin batera aurrera egiteko gogoz, 55 urtetik gorako ehun bat lagun parte hartzen ari dira Helduen Hitzak eta Nabasi 2008k antolatutako hitzaldietan.
Internetek sekretu gutxi ditu egungo gazteentzat; adinekoen artean, berriz, arazoak ohikoagoak dira. Sareratu diren edo lehen pausoak eman nahi dituzten 55 urtetik gorakoei laguntzeko, Helduen Hitzak eta Nabasi 2008k teknologia berriei eta sare sozialei buruzko bi hitzaldi prestatu dituzte. 140 partaide inguru dira, bi taldetan banatuta. Lehena Topalekuan elkartu da azkeneko bi astearteetan; bigarrena, berriz, Okendo kultur etxean bilduko da datorren asteetan. Saio bakoitzak irauten duen bi orduetan, Nabasi 2008ko Oianko Txoperenak eta David Galarciak emandako azalpenak entzungo dituzte.
Spotify,
Google Earth edo
Skype eta
Tuenti,
Twitter,
Linkedin bezalako sareen berri izan ondoren, hauetan murgiltzeko aukera izango dute apirilerako prestatzen ari diren doako ikastaroetan. Batzuk ohiko erabiltzaileak dira eta beste batzuk hasiberriak, horregatik, ezagutzaren eta lekuaren arabera osatuko dituzte taldeak. Hitzaldian izan direnez gain, etxean bakarrik daudenengana ere iritsi nahi dute.
Garrantzia berezia emango diote
Facebooki. “Zergatik
Facebook eta ez
Twitter? Irudiei eta aukerei dagokionez, gehiago ematen baitu. Etxean bakarrik dagoen jendeak, lagunik ez duena, 10-15 marken jarraitzaile egin eta berriak jasotzea ahalbidetzen du”, azaldu du Txoperenak.
Facebook bidezko harremanez gain, bideoak eta argazkiak igotzen ikasi eta bloga sor dezaten saiatuko dira, “norekin komentatu ez dutenean,beren ideiak eta pentsamenduak ateratzeko aukera izan dezaten”.
Pedro Mari Ziganda 1Helduen Hitza elkarteko presidentea
“Adineko jendea ez da ohiko ikaslea”
Pedro Mari Ziganda Helduen Hitzako presidentea da. Esperientziaren eskolan aritutako 55 urtetik gorako lagunek eratutako elkartea da eta etengabeko prestakuntza lortu nahiz lagun berriak egin nahi dituztenei irekia da.
Zergatik sare sozialak?
Elkarteko kideok bederatzi hilabete luzatzen den ikastaro bat antolatu ohi dugu, gaia eta hizlariak guk aukeratuta. Teknologi berriak eta sare sozialak puri-purian daude eta adinekoen artean ikasteko eta atzean ez gelditzeko gogoa dago.
Zenbat lagun parte hartzen?
Aurten 145 lagun matrikulatuta gaude. Bi talde osatu ditugu, parte hartzea zaila baita denok batera egonda eta saioa luzea bada.
Ezagutzari dagokionez, alde handia al dago partaideen artean?
Denetarik dago. Batzuek erabiltzen dute Internet, baina zalantzaz, poliki-poliki. Teknologia hauek abiada bizian doaz, eta jarraitu egin behar zaie.
Zuei egokitutako hitzaldiak al dira?
Nabasikoek egin zuten gure web orria. Badakite gurekin nola aritu. Adineko jendea ez da ohiko ikaslea, errespetua behar du hizlariaren aldetik, lasaitasuna emango diona ikasteko. Egun, sakelako telefono denda batera zerbait galdetzera joan eta burumakur ateratzen zara, gauza asko esan eta ezer ulertu ez duzulako.
Nola animatuko zenituzke interneterako zaharregiak direla uste dutenak?
Estereotipoa dela uste dut, gehienek erabiltzen ikasi nahi dute, non edo nola ez badakite ere. Emazteak ez zuen ordenagailu ezta Interneti buruz ezer jakin nahi. Baina
Skype bidez iloba ikus zezakeela jakitean, aditua bilakatu da bideo konferentzietan. Horrelakoak egin daitezkeela jakiteak, interesa piztu dio askori.