Iragan urteetan bezala, euskal ilustratzaile bati egokitu zaio Liburuaren Egunaren kartela eta liburutegietan banatuko diren orri markagailuak diseinatzea. Aitziber Alonso marrazkilari donostiarrak egin du aurtengoa.
Patxi Zubizarreta, idazlea, Aitziber Alonso ilustratzailea, Arantxa Urkia, udal liburutegi zerbitzuko arduraduna eta Joserra Senperena musikaria.
‘Joan’ ikuskizuna aurkeztuko dute Patxi Zubizarreta idazleak eta Joserra Senperena musikariak
Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an ospatu ohi da. Eta Haur Liburuarena, apirilaren 2an. Udal Liburutegi Zerbitzuak, ordea, ostiralean, apirilaren 1ean antolatu du jardunaldi nagusia. «Aste Santuko oporretan ospatzea ez da egokia, ezta larunbatean ere», azaldu du Arantxa Urkiak, udal liburutegi zerbitzuko arduradunak.
Iragan urteetan bezala, euskal ilustratzaile bati egokitu zaio Liburuaren Egunaren kartela eta liburutegietan banatuko diren orri markagailuak diseinatzea. Aitziber Alonso marrazkilari donostiarrak egin du aurtengoa. Jules Verneren ‘20.000 legoa itsaspeko bidaia’ liburuan erabat murgilduta dagoen haurra irudikatu du: “Ez dakit zein izan zen irakurri nuen lehen liburua; baina Jules Vernerena, gogoratzen dudan lehenengoa da”, esan du Alonsok.
Liburutegi Nagusiaren Haur Sailak Orixe ikastolarekin batera haurrentzako hainbat jarduera prestatu ditu. Aitziber Alonso izango dute irakasle ilustrazio tailerretan, Maider Galarza izango dute ipuin kontalari, eta Ramon Agirre eta Olatz Beobiderekin irakurketa saioak egingo dituzte.
Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian bi kontzertu antolatu dituzte. Lehena, Harpa Airean taldearena. Pieza klasikoak eta zenbait soinu banden musika joko dute zuzenean. Arratsaldean Urko Menaia abeslaria izango da.
Bestalde, Fermin Kalbeton kaleko Liburutegi Nagusiaren Haur Sailak ordutegi berezia izango du ostiralean. 9:30etik 12:30era eta 14:30etik 20:00etara izango da zabalik.
Apirilaren 1eko azken emanaldia Patxi Zubizarreta idazlea, Joserra Senperena musikaria eta Thomas Canet ikusizko artistaren ‘Joan’ ikuskizuna izango da. Victoria Eugenia Klub aretoan estreinatuko dute zuzeneko emanaldia. Zubizarretak Txalaparta argitaletxearekin kaleratutako liburua eta DVDa eszenatokira eramango dute. Lisboa dekadentean hasi eta Zuberoa magiko batean amaitzen den bidaian parte hartuko dute ikusleek. Zubizarretak hainbat testu irakurriko ditu, Senperenak, pianoan, fadoak jotzen dituen bitartean. Pantaila batean Thomas Caneten bideoak proiektatuko dituzte.
Joserra Senperena piano jotzaileak, liburuaren atal bakoitza gogoan, bost fado grabatu zituen. Thomas Canet argazkilariak, atal horiek eta Senperenaren musika batuz, Granada, Lisboa eta Zuberoan grabatutako bideo bana egokitu zien. Azkenik, Martin Tejeria esatariak, Maddi Oihenart kantariaren parte hartzearekin, liburuaren amaierako ipuina grabatu zuen audio-liburu batean. Ikuskizunerako gonbidapenak Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.
Liburutegi Zerbitzuak, gainera, 2010. urtean liburutegien sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu dituzten hiritarrak saritu nahi izan ditu. Hamar heldu eta hamar haurrek hiriko liburu dendetan liburuak erosteko txartel-bonoak eskuratuko dituzte.
Aipamen berezia egin diete Latxaga zenaren arrebei, Maritxu eta Isabel San Sebastiani. Latxaga (Donostia, 1933-2008) apaiz eta idazlearen liburu guztiak dohaintzan eskaini dizkiote udal liburutegiari. 150 kaxa jaso dituzte guztira, eta hainbat altxor aurkitu dituzte, Pedro Ignazio Barrutiaren ‘Acto para la Nochebuena’ edota ‘Gabonetako ikuskizuna’ izeneko eskuizkribua.
Liburuaren Egunaren egitaraua hilabete osoan zehar luzatuko da, hainbat ipuin kontaketa, txotxongilo emanaldi eta literatur solasaldiekin.