Euskal Herriko museorik zaharrena dela gogora ekarri du Sotok. 1902an eman zituen lehen pausoak. Handitze eta berritze prozesuan eraikina aldatu egin dela azaldu du Sotok
San Telmo Museoa. DONOSTIA KULTURA
“Museoa bisitatzen duten pertsonek gehiago ezagutuko dute euskal gizartea”, adierazi du Susana Soto zuzendariak
Erakundeek eta gonbidatuek lehen bisita egin dute
Lau urteko zaharberritze eta handitze prozesuaren ondoren, inaugurazio ofizialaren eguna heldu zen atzo. Urduritasuna izan zen nagusi. Susana Soto zuzendariak berak aitortu zuen urduri zegoela. Langileak gora eta behera zebiltzan atzo San Telmo museoan azken ukituak ematen. Hogei minutuko atzerapena izan zuen aurkezpenak, Fuensanta Nieto arkitektoa, berandu iritsi baitzen lehen bisitara. Washingtonetik etorri berria zen, hegazkinez.
Kanpoaldeko plazan, barruko korridore eta aretoetan… Erlojuaren kontra ari ziren lanean.
Atzo erakundeentzat eta bi mila gonbidatuentzako ireki zituzten ateak. Asteburuan zabalduko dituzte herritarrentzat. Zenbait kazetarik museoa irekitzeko zergatik duten «horrenbesteko presa» galdetu diote – Hauteskundeen legeak ezartzen duen mugan, hain zuzen- Odon Elorza alkateari, eta haserre erantzun du: «Ez dakit zergatik piztu duen horrenbeste morbo inaugurazioak. Hainbeste urteren ondoren ospatu egin nahi dugu. Hiri honetako hainbat gauza ez ditut nik inauguratu. Utzi arren niri zerbait inauguratzen».
Euskal Herriko museorik zaharrena dela gogora ekarri du Sotok. 1902an eman zituen lehen pausoak. Handitze eta berritze prozesuan eraikina aldatu egin dela azaldu du Sotok: «Arkitektura arriskatua eta garaikidea eraikinaren tradizioarekin uztartu dute». Arkitektura bakarrik ez, ordea. Museoa ere bai: «Erakusketa iraunkorretik haratagoko jarduerak bultzatuko ditu. Gogoetarako eta ikerkuntzarako gunea izango da». Urte hauetan guztietan ehunka bilduma zaharberritu dituzte: «ondarea berreskuratu dugu, ikerkuntza egin dugu dokumentatu egin dugu… Ez da bide erraza izan, baina asko ikasi dugu bidean, eta orain, hori guztia erakusteko eguna iritsi da», esan du Sotok hunkituta.
San Telmo Museoa «Euskal Herriaren erakusleiho eta ispilu» bihurtzea nahi du: «Museoa bisitatzen duen pertsonek gehiago ezagutuko du gure gizartea, euskal gizartea», jarraitu du zuzendariak. Lau urteko prozesua izan dela azaldu du: Museoaren eredua goitik behera aldatu dugu. Euskal gizartea eta herritarrak ditu ardatz. Eginkizun nagusia hauxe da. Euskal gizartearen gakoa ezagutzen eta ulertzen laguntzea. Museoa ez ezik, jakintza zabaltzeko eta pentsamendua sortzeko gunea ere bada. Oraina ulertzeko eta iraganarekin eta sustraiekin topo eginez etorkizuna eraikitzeko tresna da». Euskal gizartearen historia eta bilakaeraren bilduma adierazgarrienak gordetzeko, osatzeko eta zabaltzeko erantzukizuna izango du aurrerantzean museoak.
‘Komentutik, museora’
Lehen bisitan, erakusketa iraunkorraren zati bat ikusteko aukera izan dute kazetari eta erakundeek. Hain zuzen ere, elizan kokatu duten bideo instalazioa, Komentutik museora. XVI. mendeko komentua historian zehar murgilduko dira bisitariak gune honetan. Gracia Olazabal eta Alonso Idiakez senar-emazteen hilobi berriztatuan hasten da Harkaitz Cano idazlearen ahotsa sortzaileek bultzatutako eraikinaren lehen urteak gogora ekartzen. Mireia Gabilondo aktore eta antzerkigilearen ahotsak, eta Nestor Basterretxea artistarenak jarraituko dute ibilbidea. Biarritz Balleteko dantzarien irudiek azalduko dituzte herritarren eta gizartearen etorkizuneko erronkak, Mikel Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ abestiaren erritmoan.
11.000 metro koadrotik gorako ibilbidea izango du San Telmo Museoak. Euskal gizartearen interpretazioaren gaineko museo handiena bihurtuko da. Lehen urtean
140.000 bisitari aurreikusi dituzte. Guztira 26.000 pieza gordetzen ditu museoaren bildumak. Publikoak gune desberdinetan sailkatuta ikusiko ditu. Gipuzkoako beste museoentzako erakusleihoa ere izango da San Telmo, eta zenbait gairen inguruan gehiago sakondu ahal izateko nora jo dezaketen azalduko zaie bisitariei.
Astebukaeran, sarrera doan
Larunbatean eta igandean irekikiko dituzte museoaren ateak herritar guztientzat. Astebukaera honetan sarrera doakoa izango da. Asteartetik aurrera, ordea, sarrera bost eurotan izango da salgai. Zer ikusi ahal izango dute herritarrek lehen bisitan? Sei mila milioi beste aldi baterako erakusketa, eta museoaren espazio berri batzuk. Eraikin berritik sartuko dira bisitariak. Kafetegia, liburutegia eta aldi baterako erakusketak daude espazio honetan. Nieto Sobejanoren proiektuak garrantzia handia eman dio pabilioi berriaren fatxadari. Metalezko zelosia Leopoldo Ferran eta Agustina Otero artisten laguntzarekin diseinatu zuten. Zulatutako xafla horietatik hasi dira ja landare berdeak hazten.
Yann Arthus Bertreand eta GoodPlanet Fundazioaren bideo erakusketa izango da ikusgai. Gaur egungo gizartearen erretratuak bilduko dituzte bertan, abuztuaren 21a bitartean. 75 herrialdetan filmatutako 5.000 elkarrizketa baino gehiago izango dira ikusgai hainbat ikus-entzunezkoetan. Kameraren aurrean bakea, erlijioa, maitasuna, gaixotasunak, progresoa edota ingurumenari buruzko galderak erantzuten dituzten pertsonak azalduko dira.
Lehen bi egunetan, gainera, kaleko jarduerak prestatuko dituzte. 10:00etatik 20:00etara izango da zabalik. Apirila erdialdean, erakusketa iraunkorraren muntaia bukatzerakoan ikusi ahal izango da museoa oso osorik.