Tamarindoak landatzen hasiko dira Cervantes plazan
Udaberria landareak loratzen ikusteko urtaroa izateaz gain, zuhaitz berriak landatzeko garai aproposa da. Parke eta Lorategietako sailak, bada, hiria zuhaitzez hornitzeko baliatuko du. Hesiz inguraturiko Katalunia plazan gereziondoek garabiak koloreztatzen dituzten bitartean, Cervantesekoan dena prest dago tamarindoak landatzen hasteko. Zuhaitz bakoitzari bere lekua egin diote; zementuaren azpian, gainera, lurra eta sustraiak luze-luze zabaltzeko eremua baliatu dute. Bertatik tamarindo «sendoak» haziko direla dio Alberto Rodriguez Parke eta Lorategietako arduradunak. «Baso txiki bat» izango dela aipatu du.
Urtean 1.100 zuhaitz inguru landatzen ditu Udalak. Berdeguneak apaintzeko ez ezik, gaixotutako aleak ordezkatzeko ere izaten dira asko. Zaharkitutakoen lekua betetzeko, itxuraldaketa prozesua abiaraziko dute Amaran. Podabines, Karlos I.a edota Errondo pasealekuaren inguruan 80 zuhaitz moztu eta 246 berri landatzea aurreikusi dute. Alferrik, inongo arrazorik gabe, sekula ez dutela zuhaitzik botatzen azpimarratu du Rodriguezek. Landare bakoitzaren ezaugarriak jasotzeko datu-basea osatzen ari dira, halaber. Dagoeneko, 40.000 zuhaitzek identifikazio txartela dutela adierazi du zinegotziak, hiriko zuhaitzen %70a.