Garaiko lokomotora irudikatzen duen maketa (Argazkia:Xabier Etxabe)
Artikutza altxor naturala denik ez du inork zalantzarik. Gutxik ezagutzen dute, ordea, meategien ustiapenak utzitako aztarna. Landare eta hosto artean zaila da Elamatik (Goizueta) Lezo-Errenteriako tren geltokiraino 28,5 kilometroko ibilbidea egiten zuen trena existitzen zela irudikatzea. XX. mende hasierako meatzaritza loraldiaren erakusgarri izan zen trenak utzitako urratsen atzetik dabiltza Anton Mendizabal eta Juanjo Olaizola, beste lagun batzuekin batera.
1898tik 1917ra arte jo eta ke aritu zen trenaren peskizan, ordea, herritar gehiago batzea nahi dute. Hala, Artikutzako trenaren sekretuak gertutik ezagutzeko ibilbide tematikoak antolatuko dituzte igande honetan eta apirilaren 17an. Txangoan parte hartzeko, hala ere, 690 720 264 telefonoan ala artikutza@donostia.org helbidean izen eman behar da aurretik.
Tren ibilbidea udal langileek azken hilabeteetan bidexkak garbitzeko egin duten lanaren emaitza da. Artikutzako trenaren barrunbeetan sakontzeko akuilua izan da. Ikerketa mamitsua osatzea, aldiz, ez da, Anton Mendizabalek dionez, uste bezain erraza izaten ari. Besteak beste, «lekuko zuzenak falta» direlako. 1918an Donostiako Udalak Artikutza erosi zuenean erabat desmuntatzeko agindu zuen, ez baitzuten meategiak ustiatzen jarraitzeko interesik, bertatik ura lortzeko baizik.
Historia
Artikutzako trenaren historia, honenbestez, 1898-1917 urte artean mugatzen da. Historia motza duen arren, bitxikeriaz jositako ibilbidea du. Meatze trenarik luzeena zen. Sorburutik, Elamatik, Lezo-Errenteriako geltokiraino 28,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Errenteriatik Elamaraino gainditzen zuen garaiera nabarmena da –trenek ez dute desnibel handirik gainditzeko ahalmenik–, 675 metrora heltzen baitzen.
Errailen zabalera ere berezia zen. 60 zentrimetrokoa besterik ez zen. Renfekoak, esaterako, 1,67 metro ditu eta EuskoTrenekoak metro bat.
Idiek bultzatutako lehen trenak maldan gora joan zitezen, sigi-sagan zihoan ibilbidea eratu zuten. Bidean zehar zabaldu zituzten sarbideen bitartez, maniobra egiteko lekua zuten bihurgune bakoitzean bagonetak garraitzen zituzten idiek.
1905eko iraultza
Aldaketa nagusia, aitzitik, 1905ean heldu zen. Sigi-saga luzeak ekiditeko, Igeldoko funikularraren antza zuten plano inklinatuak eraiki zituzten. Trenbideotatik gora eta behera zebiltzan bagonetak, gainera, aldapak igotzeko sistema hidrauliko berritzailea zuten. Alegia, goiko geltokian zain zeuden bagoneta hutsen biltegiak urez betetzen zituzten, eta grabitatearen indarrez, bagoneta beteek aldapak gainditzeko aukera zuten.
Meategi eta Errenteria-Lezo arteko ibilbidea lau bider egiten zuten egunean. Bidai bakoitzean, 12 tona material garraiatzen zituzten, «egun kamioi zistrin batek garraia dezake kopuru hori», dio Juanjo Olaizola adituak. Decauville etxeko lurrinezko lau lokomotore behar ziren ibilbidea egiteko. Garaiko tren handiekin alderatuta, «txu-txu trena abiadura handikoaren ondoan jartzea bezalakoa da», gaineratu du Olaizolak.
Decauville lokomotora eta trenbide materiala (Argazkia: Antton Mendizabal)