Asier Maeztu: "Oraindik gehiago hobetu dezakedala uste dut eta hori ona da"
MOTZEAN:
Munduko Txapelketa bukatzearekin batera, pistako denboraldia bukatu zaio, baina errepideko prestakuntzarekin jarraituko du, datorren urteko Londreseko Olinpiar Jokoei begira. Pista txirrindularitza du ogibide Asier Maeztuk (Gros, 1977) eta azken bi urteak bere ibilbideko gogorrenak izan direla aitortu duen arren, berriro ere oso maila ona ematen ari da eta Holandako Munduko Txapelketatik oso pozik itzuli da. Bere bizipenen berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Nola antolatzen duzu denboraldia?
Aurtengoa bukatua daukadala esango nuke. Niretzako garrantzitsuena pistako denboraldia izaten da eta hori bukatuta, errepideko lasterketekin hasiko naiz. Urrian hasi nintzen Espainiako Txapelketarekin eta ordutik honaino dena ematen aritu naiz. Postua irabazi behar nuen, hasieran Espainiako selekziotik kanpo nengoelako. Baina Espainiako Txapelketan lan ona egin nuenez, hautatzaileak Europako Txapelketarako deitu zidan. Hortik aurrera, gogor borrokatu behar izan dut postua lortzeko eta helburua lortu dudanez, gustura nago.
Holandan Munduko Txapelketan parte hartzetik iritsi berria zara. Pozik egindako lanarekin?
Helbururik gorenena lortu dugu. Bagenekin lehenengo lau postuetan sartzea oso zaila zela, sekulako denborak egiten baitituzte. Normalean lehen lau talde horiek Australia, Zelanda Berria, Ingalaterra eta Errusia izaten dira eta lau minututik beherako denborak egiten dituzte. Gu, berriz, ez gara inoiz 4:02ko denboratik jaitsi. Beraz, bosgarren postua lortzea oso ongi dago. Izan ere, Holanda eta Danimarka oso indartsuak dira eta bereiei irabaztea lortu dugu.
Orduan dagoeneko Londreseko Olinpiar Jokoetarako sailkatuak zaudete?
Dagoeneko sailkatzea lortu ez badugu, hortxe ibiliko gara. Munduko Kopan rankinga irabazi genuen eta horrekin eta Munduko Txapelketako bosgarren postuarekin, goian gaude. Joan ezkero, Holandako postua hobetzea da helburua. Lehenengo bi postuak ezinezkoak dira, baina hirugarren edo laugarren postua lortzea ongi egongo litzateke. Ikusiko dugu zer ateratzen den.
Ordu asko entrenatu behar izaten dituzue, ezta?
Prestatzen ari garen txapelketaren araberakoa izaten da. Lau ordu inguruko saioak egiten ditugu normalean, eta askotan goiz eta arratsaldez banatuta, ordu batzuk gehiago egiten ditugu. Aurten, esaterako, etxean egon naizenetan, ahal nuen lasterketetan parte hartu dut. Izan ere, egiten dudan guztia datorren urterako ongi etorriko zait, Londresera begira. Urte batean lan egiten duzunean, nabaritu egiten da. Apirilean, esaterako, Uruguaira noa lasterketa batean parte hartzera.
Errepidean ibiltzea orduan ongi datorkizue?
Gure lanaren %90a inguru errepidean egiten dugu. Gainontzeko %10a gimnasioa eta pistaren artean banatzen dugu. Munduko Txapelketa aurretik esaterako, denbora asko eman dugu pistan, baina hala ere, gehienez prestakuntzaren %50a izango zen.
Taldekako jazarpenean parte hartzen duzu. Zein da proba horren berezitasuna?
Erlojupeko lau kilometroko lasterketa da. Lau taldekideak elkarrekin joaten gara eta indarra izatea oso garrantzitsua da, abiadura hartu eta bukaerara arte mantendu behar delako. Askotan zaila izaten da, oso azkar eta elkarrekin joaten garelako.
Dagoeneko badakizu zer den Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Nolakoa esperientzia izan zen?
Kirolean dagoen gauzarik handiena da. Mundu osoa begira egoten da eta kirol askotan proba gorenena da. Gainera, giroa oso polita da eta kirol guztietako pertsonak ikustea polita da; argalak, txikiak, handiak, indartsuak… Domina lortu nueneko oroitzapena ere oso polita da. Momentu horretan denetarik pasatzen zaizu burutik, batez ere pasatako momentu txarrak.
Zein izan da zure kirol ibilbideko momenturik gogorrena?
Azken bi urteak oso gogorrak izan dira. Duela bi urte Munduko Txapelketatik kanpo utzi ninduten, nire momenturik onenean. Atenaseko Olinpiar Jokoetan eta gaur egun baino hobeto nengoen. Hautatzaileak kanpoan utzi ninduen eta bere informea gezurrez betea zegoen. Azkenean, etxean geratu nintzen eta oso gogorra izan zen. Iaz beste hautatzaile bat egon zen eta ez zidan aukerarik eman. Gero, Australiako Munduko Kopara eraman ninduen, astebete lehenago abixatuta. Hala ere, nahiko lan ona egin nuen, baina ez zidan gehiagotan deitu. Bestetik, 2005ean ezin izan genuen Munduko Txapelketan parte hartu, federazioaren akats batengatik. Min handia egin zigun, urtebetez horretarako lanean pasa baikenuen.
Orain nola ikusten duzu zure burua?
Aurten maila ona hartu dut, 2009 izan zen nire momenturik onena eta berdintsu nabilela uste dut. Zaila da hobeto edo okerrago noiz zauden jakitea, hala ere, oraindik gehiago hobetu dezakedala uste dut eta hori ona da.
Zer esango zenuke geratzen zaizula betetzeko?
Ahal dudan arte jarraitu nahi dut eta 2016raino iritsi nahi nuke. Niretzako Llaneras da erreferentzia, 40 urterekin utzi zuen txirrindularitza, bere momenturik onenean. Gogo askorekin nabil, burua ongi daukat eta gustura ibiltzen naiz. Pentsatzen dut txirrindularitza uzteko garaia, atzetik hobeak datozenean eta ezin dudanean beraien mailara iritsi izango dela.
Atzera begiratuz, nolatan hasi zinen txirrindularitzan?
Txikitatik izan nuen gogoko txirrindan ibiltzea, gehien gustatzen zitzaidan jokoa zen. Ez naiz sekula oso futbolzalea izan eta nire etxean asko jarraitzen zuten txirrindularitza profesionala, telebistaz. Nik beraiek bezalakoa izan nahi nuen eta pixkanaka honaino iritsi naiz. Artzak Ortzeok taldean hasi nintzen eta gero beste talde askotatik igaro nintzen. Hasieran, nire nahia errepideko profesionala izatea zen, baina, pistarekin hasi nintzenean, beste bide bat zabaldu zen eta ogibidea lortu nuen. Oraindik badut errepidean aritzeko nahia; nire adinarekin, ordea, badakit ez nautela fitxatuko.
Zer nolako harrobia dago Donostian?
Hiri txikia da, baina belodromoa egoteak probintziako gazteak ekartzen ditu, pistan aritzeko. Belodromoak neguan aterpean entrenatzeko aukera ematen die. Kategoria guztietan daude nabarmentezen diren bizpahiru gazte eta aurrera jarraitzen dut.
- Zer nolako ikaslea zinen? Alperra. Oso erraz despistatzen nintzen.
- Gogoan duzu zure lehen bizikleta? Lehen bizikleta etxean egondako baten bat izango zen. Baina lasterketetan ibiltzeko lehen txirrinda nire arrebak oparitu zidan. Zeus txuri bat zen.
- Txirrindularia ez bazina… Ez dakit. Hegazkin pilotua izatea gustatuko litzaidake, baina beste edozein lan arruntetan ibiliko nintzatekeela pentsatzen dut.
- Baduzu bete gabeko ametsik? Txirrindularitzan, Munduko Txapelketa bat irabaztea.
- Zer botatzen duzu gehien faltan kanpoan zaudenean? Nire semea. Sei hilabete ditu. Gogorragoa egiten zait kanpora joatea.
- Kirolari bat. Lance Armstrong. Erreferentzia bat da. Askok amorrua diote, baina asko eman dio txirrindularitzari.