B.B. Kingekin hasiko da Jazzaldia, Zurriolan
Bluesaren erregearekin, B.B. King gitarra jotzailearekin, hasiko da jazz festa, Zurriola hondartzan. Mississippiko musikariaren seigarren bisita izango da aurtengoa. Doako kontzertua izango da, gainera. Musika afroamerikarraren izarrak milaka musikazale erakarriko ditu jaialdiaren lehen egunean, uztailaren 21ean.
Bluesaren erregearekin, B.B. King gitarra jotzailearekin, hasiko da jazz festa, Zurriola hondartzan. Mississippiko musikariaren seigarren bisita izango da aurtengoa. Doako kontzertua izango da, gainera. Musika afroamerikarraren izarrak milaka musikazale erakarriko ditu jaialdiaren lehen egunean, uztailaren 21ean. 46. ekitaldian, ordea, hainbat musikari handi bilduko dira.
Trinitate plaza jazz musikaren gotorleku bihurtuko da. Hiru tronpeta jotzaile elkartuko dira Tea for 3 proiektuan. Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen izango dira zuzenean apirilaren 22an. Gau berean itzuliko da hirira Abdullah Ibrahim piano jotzailea. Duela bi urte izan zen azken aldiz, Victoria Eugenia Antzokian. Ekaya taldearekin izango da eszenatokian. Medeski, Martin & Wood, jazz garaikidearen klasikoak izango dira hurrengo egunean. Randy Brecker eta Bill Evans izango dituzte gonbidatu gisa agertokian. Emakumeek ere izango dute lekua Trinitate plazan. Cassandra Wilson abeslaria, Cyndi Lauper, eta Mavis Staples, hain zuzen. Lauper 80ko hamarkadan pop musika egiteagatik ezaguna bada ere, duela gutxi, ‘Menphis’ Blues izeneko blues diskoa kaleratu berri du. Staples “gospelaren dama handia” dela adierazi du Miguel Martin zuzendariak. Kursaalen “lehen mailako” hiru emanaldi izango dira. Chick Corea, Stanley Clarke, Lenny White, Frank Gambale eta Jean Luc Ponty Return to Forever izenarekin itzuliko dira. Hiromi “teklatuaren superwoman” japoniarra, power trio batekin izango da. Europako jazzaren maisu eta mitoa, Toots Thieleman belgiarra ere Kursaalen izango da. Thieleman Jazzaldiaren sari nagusia jasotzeko hautagaia dela azaldu du Martinek.
Ekitaldi honetako berritasun handiena San Telmo Museoan prestatu dituzten kontzertuak dira. San Telmoko gauak hiru izango dira. Astebukaeran inauguratuko den museoko elizan, klaustroan eta patioan zuzenekoak egingo dituzte gauez, 00:30etik aurrera. Trinitate plazako emanaldiak bukatzerakoan hasiko dira.
Aurrekontu handiagoa Jaialdiak, azken hiru urteotan bezala, bost egun iraungo du. 1,6 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino 100.000 euro inguru gehiago. Heineken garagardo markari esker lortu du aurrekontu handiagoa. Aurten ere, iaz bezala, Nautikoko terrazak irekiko dituzte, eta azken momentuan iragarriko dituzten kontzertuak prestatuko dituzte. Zurriola hondartza eta Kursaaleko terrazetako doako emanaldiak hurrengo astean iragarriko dituztela adierazi dute antolatzaileek. Aurten indie musikari eskainiko diotela aurreratu dute.