Bosgarren edukiontziaren kanpaina "fartsa" dela diote Kortxoeneako gazteek
Apirilean abiaraziko dute hondakin organikoa bereizteko egitasmoa Grosen. Auzoko Kortxoenea gaztetxeko kideak, berriz, ez datoz bosgarren edukiontziaren egitasmoarekin bat. Izan ere, «errauste plantaren eztabaida gizarteratzen ari den honetan», agintariek zabor organikoa sailkatzeko kanpainaren bidez, «aurpegia zuritu» eta «ekologista kareta» jarri nahi dutela salatu dute.
Kortxoeneakoak atez ateko sistemaren aldekoak dira. Hondakinen kudeaketarako proiektu propioa garatu dute, gainera, gaztetxean. Bi konpostadora dituzte baratzean, eta kanpoaldean bi ontzi jarri dituzte bizilagunek hondakin organikoak bota ditzaten. Atez atekoa askoz ere eraginkorragoa dela uste dute gazteok, gutxienez, «%85 birziklatzea» lortzen dela ziurtatu dute. Bosgarren edukiontziarekin, berriz, hondakinen %35 birziklatzen dela eta gainerakoa errauste plantara joango dela zehaztu dute. Errauste plantak sor dezakeen kutsadura nabarmendu dute Kortxoeneakoek, bestalde. «Erretzen denaren %77 airera doa, dioxina, furano eta metal astun bilakaturik; gainontzeko %23, berriz, errauts toxiko bilakatzen da», azaldu dute.
Gaiaren inguruan gogoeta egiteko hainbat jardunaldi antolatu dituzte egunotan Okendo kultur etxean.