Arcco merkataritza guneko aparkalekuan kargatu daitezke ibilgailu elektrikoak. (Argazkia: Mikel Goñi)
Bizilagunentzat gordetakoak, elbarrientzat, denbora mugakoak… asko dira aparkaleku bereziak izan eta markatutako guneak. Horiei guztiei mota berria gehitzen ari zaie: ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak, alegia. Hain zuzen ere, Eroski supermerkatu kateak martxan jarri duen ekimenaren barruan, hirira iritsi dira lurreko marka berriak, telefono publiko itxura duten kargarako tramankuloek lagunduta.
Arcco merkataritza guneko aparkalekuko bi lekurik onenak ekimen honentzat gorde dituzte. Hain zuzen ere, parkingeko lehen pisuan daude biak, eskaileratik zein igogailuetatik gertu-gertu. Gorriz margotuta eta ondo argiztatuta daude, erraz ikusteko moduan. Hala eta guztiz ere, erabiltzaile batek baino gehiagok ezinduentzako aparkalekuarekin nahastu dute gunea.
Bi zutabek inguratzen dute elektrolinera edo elektrondegia ezizenez ezagutzen hasiak diren argindar karga lekuak. Eta bi horietan kokatuta daude ibilgailu elektrikoen bateriak kargatzeko tresnak.
Joan den astean jarri zituzten abian. Momentuz, Eroski bera da erabiltzaile bakarra. Bertan karatzen baitute, egunero, etxez etxeko banaketarako erabiltzen duten furgoneta. Aparkalekuko zaindarietako batek azaldu duenez, «inork ez du galdetu ere egin hauengatik, eta nik ez dut supermerkatuarena ez den beste ibilgailurik ikusi».
Lehena, baina ez azkena
Izan ere, ibilgailu elektrikoak oso gutxi baitira hirian eta jende gehienak ez daki Amarako elektrondegi hau doan erabil daitekeela. Horretarako tramankulua abian jartzeko balioko duen txartela supermerkatuan eskatu beharko dutela balizko erabiltzaileek.
Ibil enpresa arduratzen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden horrelako bost guneren kudeaketaz. Eta ibilgailu elektrikoen hedapenerako akordioa egin du Jaurlaritza eta supermerkatu katearekin. Era berean, Jaurlaritzak duela urte erdi aurreratu zuenaren arabera, datorren urtean jarriko dituzten Donostian kalean bertan lehen argindarra karga guneak, lineako aparkalekuen ondoan jarritakoak izango direnak.
Badira, beraz, ekologia arrazoiez gain, hainbat zio ibilgailu elektrikoa eskuratzeko. Hain zuzen ere, Arccoko ekimenak zein datorren urtean abian jartzekoa denak, autoa mugitzeko beharrezkoa den energia ez ezik, beste zerbait ere bermatuko dio jabeari; aparkatzeko tokia, alegia. Eta hori, Donostian, ez da gutxi.