Donostia eta Hernaniko mugan dagoen Zabalegi etxaldean abian jarri du Kutxak jasangarritasunaren parkea izango den Ekogunea.
Kontzientziatik ekintzetara pausoa emateko laguntza eskaini nahi die herritarrei Kutxa Ekoguneak. Horretarako, gutxien kutsatzen duten energia ereduak sustatu, kontsumo ohiturak hobetzeko bitartekoak eskaini eta ingurumenarekiko errespetatua bultzatzea xede izanda, gizartea kultura eta praktika jasangarrietara bideratzeko tresnak eskainiko ditu. “Gipuzkoa pixka bat berdatu nahi dugu”, laburbildu du Ekoguneko Mikel Insaustik hasi berria den proiektuaren asmoa.
Xede horiek guztiek Zabalegi etxaldean kokatutako jasangarritasun parkean gorpuztuko dituzte. Estatuko lehena izango da, Europan erreferenteak badaude ere. Hernanirekin mugan, 27 hektarea inguru ditu orubeak eta urtearekin batera ekin zioten azpiegituren eraikitze lanei. 15 milioi euroko aurrekontua dute eta bi urteko epean amaituta izatea aurreikusi dute. Hala ere, lehen proiektuak 2012rako prest izatea espero dute.
Parke irekia izango da eta bisitariek hainbat praktika eta teknologia jasangarri ezagutzeko aukera izango dute. Ekogunea hainbat alorretan jardungo baita: energia berriztagarriak, kontsumo jasangarria, eko-linguistika eta sormena, nekazaritza ekologikoa, naturaren babesa eta hezkuntza. Dagoeneko abian dira alor horietako zenbait jarduera eta proiektu. Esanguratsuenen artean, Gipuzkoan energia berriztagarrien bidez lotutako energia kopurua handitzeko aurrera eramaten ari diren egitasmoa. 10 urteko epean, egun %5aren ingurukoa izatetik Bruselak ezarritako %20ko helburura heldu nahi dute. Bestalde, parkean bertan garrantzia berezia izango dute energia berriztagarriek, hauei buruzko ikastaroak, simuladoreak eta instalazioak egongo baitira.
Ingurabide ekologikoa
Horrez gain, eraikiko diren azpiegiturei dagokienez, ura arazteko biltegiak, energia berriztagarrien plataforma, eraikin bioklimatikoa edota ekoplaza daude. Azken honetan, produktu ekologikoen nahiz energia alternatiboen azokak antolatzeko asmoa dute. Izan ere, ikasteko gunea izateaz gain, aisialdirako eta paseorako ere erabilgarri izatea nahi baitute arduradunek. Halaber, baratza ekologikoak jarriko dituzte herritarren eskura. “Donostia hegoaldeko saihesbide berdea izatea nahi dugu, Miramondik Chillida Lekura zabaltzen dena. Zientzia eta berrikuntza, Miramonen; ekologia eta jasangarritasuna, Ekogunean; kultura eta kirola, Lore Tokin, eta artea Chillida Lekun”, azaldu du Insaustik. Era berean, Kutxaren Gizarte arloko zuzendari Carlos Ruizek, Kutxarena den Oriamendi mendi hegala berreskuratzeko lanek aurrera darraitela gogoratu du, “Miramondik hona ibilbide naturala osatu nahi dugu”.
Parkeaz gain, Ekoguneak Kutxaren gizarte ekintzaren barruan jasangarritasun eremuko jarduera guztiak koordinatuko ditu. Halaber, sare sozialen eta
www.ekogunea.net web orriaren bidez, norbanakoek, enpresek nahiz udalek, energia aurrezteko, arduratsuago kontsumitzeko edo elikagai ekologikoak ekoizteko informazioa jasoko dute.