Gorenak ez du hiriko lurrak eskuratzeko Pasaiaren eskaera onartu
Pasaiako Udalak auzitara jo zuen historikoki berari zegozkion lurrak eskuratzeko. Euskadiko Auzitegi Gorenak, bada, ateak itxi dizkio Pasaiari, mugak bere horretan uzteko epaia kaleratu baitu. Pasaiak, gainera, ezingo du errekurtsorik aurkeztu eta epaiketetako kostuak ordaindu beharko ditu.
Odon Elorza alkateak aditzera eman duenez, «Pasaiak Donostiaren herena eskuratzea aldarrikatzen zuen: Altza, Herrera, Intxaurrondo, Ulia, Bidebieta eta Mirakruz gaina arteko lurrak». Aldarrikapen horretarako, Carlos IV.aren Errege Dekretu bat zuten oinarri.
Odon Elorzak «amesgaiztoa» amaitu dela nabarmendu du. Hala ere, Pasaiaren eskaera «zientzia-fikziozkoa» zela adierazi du.
Alkateak, era berean, Xabier Ezeizabarrena EAJko udal bozeramaileak Pasaiaren aldeko txosten juridikoak egiten parte hartu zuela zehaztu du. «Bide okerretik ibili zela onartu beharko du», dio Elorzak.