Guztien hobe beharrez
Eskola kiroleko txapelketetan, partidetara joateko garraioa elkarbanatzea du helburu Aldundiak bultzatutako ‘Taldean goaz’ ekimenak.
Ekonomia, ekologia eta segurtasuna kontuan hartuta, Taldean goaz ekimenaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekimenaren funtsa argia da, asteburuetan, eskola kiroleko partidak edo ohiko txapelketak jokatzera doazen haur eta gazteek, ahal duten neurrian, garraio bera erabiltzea. Hala, bai garraio publikoa, bai auto edota autobus pribatua erabilita ere, garraiobide hori ahalik eta kirolari gehienek erabiltzea da asmoa; beharrezkoa bada, ibilbideak ere antolatuz. Izan ere, Avento enpresak egindako azterketaren arabera, Gipuzkoan astebururo 20.000 gaztetxo, guraso eta laguntzaile mugiarazten ditu kirolak. Horrela, bidaia horietako %70 inguru auto pribatuetan egiten dira eta horrek 4.000 tona karbono dioxido zabaltzen ditu atmosferan.
Bi departamendu ari dira lanean, Aldundiaren egitasmoa aurrera ateratzeko: Kiroletako eta Kanpo Ekintzetakoa eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketakoa. Prentsaurrekoa eman zuten atzo proiektuko arduradunek, euren asmoaren berri emateko. Bertan izan ziren, Iñaki Ugarteburu kirol zuzendaria, Pilar Arana Mugikortasun zuzendaria eta Dan Lertxundi, Avento enpresako kidea. Azaldutakoaren arabera, Taldearekin goaz lelopean, sentsibilizazio kanpaina jarriko du abian Aldundiak. Bide batez, Interneten aplikazio berri bat ere zabalduko du eta hezkuntza ikastaroak ere emango ditu. Horrekin, kirol kolektiboa sentsibilizatu nahi dute, bidaiak era seguru, ekologiko eta eraginkor batean egin ditzaten.
Webguneari dagokionean, oraindik ez dago guztiz zehaztua, baina duela bi aste aurkeztutako Mugipuzkoa webgunearean aplikazio bat izatea da asmoa. Bertan, Gipuzkoan barrena mugitzeko garraio publikoaren aukera guztiak biltzen ditu, ahalik eta modu argienean. Aplikazio berriak, ordea, bidaien kudeaketa koordenatua erraztea du xede. Hala, Mugipuzkoaren osagarria izango da.
Edonola ere, proiektu pilotu gisa, Gipuzkoako Igeriketa Federazioarekin elkarlanean ari da Aldundia. Hala, dagoeneko, adostutako prezio baten truke, igerilariei txapelketetara garraio kolektiboan joateko aukera eskaini diete.
Eremu eredugarriak
Benjamin eta Alebin kategorietan, badira mugikortasunaren inguruan kudeaketa egokia egiten duten bi eskualde, Aldundiaren esanetan. Debabarrena (Zumarraga, Urretxu, Legazpi) eta Goierri Garaia (Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku). Adibide horiek jarraituz, datorren denboraldirako, gutxienez txapelketetako beste bi eremutan bide hori jarraitzea espero du Aldundiak eta horretarako, eskola kiroleko arduradunak heziko ditu. Kirolarteren bidez (Kirol Kudeaketarako Baliabide Zentroa), dagoeneko maiatzerako jardunaldi informatibo-hezitzailea prest du. Helburu nagusia, beti ere, bailara bakoitza mugikortasun plana egoki gauzatzeko gai izatea da.
Aventoren azterketaren datu batzuk (2008-2010): Lehen zenbakiak 8-12 urteko haurrei egiten die erreferentzia eta bigarrenak, berriz, 12-18 urte bitartekoei.
- Bidaiatu duten taldeak. 4.395 / 8.030
- Jokalariak. 5.100 / 10.000
- Batezbesteko joan-etorriak. 14,03 km. / 70,8 km.
- Mugitutako autoak. 19.957 / 31.986
- Autoek egindako km-ak. 280.089 / 2.267.049
- Ikastetxe/kluben gastua. 19.000 euro / 604.556 euro
- Gurasoen gastua. 69.524 euro / 500.919 euro
- Gastua guztira. 88.524 euro / 1.105.475 euro